Skyrunning World Series-eko egutegiaren hitzordu esanguratsuenetako bat izan da pasaden igandean, apirilak 20, SkyRace des Matheysins lasterketa. 25,5 kilometroko ibilbidea eta ia 2.000 metroko desnibel positiboa dituen proba gogor hau Frantziako Alpeetan jokatu zen, eguraldi baldintza zailenetan. Euskal selekzioak emaitza bikainak lortu zituen, bost kirolari top 15ean kokatuta, ekitaldiko talde sendoenetako bat bihurtuz.
Aurretik izandako baldintza meteorologiko aldakorrek ibilbidea hainbat aldiz aldatzera behartu zuen. Elurrak eta haize bortitzek ezinezko bihurtu zuten ibilbideko tarte enblematiko batzuk igarotzea, hala nola L’Oreille du Loup gailur teknikoa edo Le Perollier, “Deabruaren lorategia” izenez ezaguna den igoera pikoa. Hala eta guztiz ere, lasterketak bere izaera alpinoa, teknikoa eta zirraragarria mantendu zuen, eta munduko espezialista onenen gaitasunak berriro ere neurtzeko eszenatoki bihurtu zen.
Irteerako lehen momentutik erantzun sendoa eman zuen euskal taldeak. Eguneko protagonista nagusia Ibai Larrea izan zen, 7. postua eskuratuta nazioarteko maila goreneko lasterketa batean. Hasieratik erritmo egonkorra mantendu zuen eta bere errendimenduarekiko segurtasun osoz aritu zen. Aitor Ajuria, gora-behera askoko lasterketa baten ostean, 11. postuan helmugaratu zen, bere onena emanez eta Ibai Larrearekin izandako lankidetza eta lehiakortasun osasuntsuari esker motibazioz beterik. Aitor Blanco, aldapan gora denbora galdu arren, jaitsiera ikusgarria egin zuen eta 13. postu nabarmena eskuratu zuen.
Emakumezkoen kategorian ere arrasto nabarmena utzi zuen euskal selekzioak. Ainara Alcuazek 9. postu bikaina eskuratu zuen, lehiakortasun sena erakutsiz eta proba zorrotz batez gozatuz. Lide Urrestarazurentzat, hotz eta elur muturreko baldintzek markatutako lasterketa batean, helburuak aldatu egin ziren, baina hori bai, lasterketa testuinguru bereziki zorrotz honetan amaitzea lortu zuen 15. postuan.
Emaitza kolektibo honek Euskal Selekzioa, Mundoko Koparen taldeetako nabarmenetako bat bihurtzen du, gizonezkoetan zein emakumezkoetan top 10ean hainbeste korrikalari kokatzea lortu duen talde bakarra izanik. Datu horrek taldearen lana, konpromisoa eta kalitatea nabarmentzen dute.
Lasterketaren emaitzak: https://chronoconsult.fr/result/skyrace-des-matheysins-2025/#1_A04733
