Euskal Selekzioak maila handia eman du Matheysins Skyracen, Lide Urrestarazu top 10ean sartuta

Joan den asteburuan emaitza oso onak lortu zituzten Euskal Selekzioko korrikalariek Matheysins Skyrace proban. Alpeetako Saint-Honoré herrian jokatutako lasterketa Skyrunning egutegiko hitzordu teknikoenetakoa da, 25 kilometro inguruko ibilbidea eta 2.000 metro positibotik gorako desnibela baititu. Gainera, Tabor mendira egiten den igoerak 2.389 metroko altuera hartzen du, eta horrek are gogorrago bihurtzen du proba.

Hasieratik erritmo bizia izan zuen lasterketak. Lehen sei kilometroak pista zabaletan egin ostean, korrikalariek baso eta mendi arteko bidezidor tekniko eta estuetan barrena osatu behar izan zuten ibilbidea, exijentzia fisiko eta tekniko handiko lasterketa batean.

Euskal Selekzioaren emaitzen artean, bereziki aipagarria izan zen Lide Urrestarazuren jarduna. Gipuzkoarrak emakumezkoen sailkapeneko zortzigarren postua eskuratu zuen, 3 ordu eta 3 minutuko denborarekin helmugaratuta eta lasterketako top 10ean sartzea lortuz. Maila handiko nazioarteko proba batean lortutako emaitza bikaina izan zen.

Ainara Alcuaz nafarrak ere lasterketa sendoa egin zuen, 16. postuan amaituz 3 ordu eta 10 minutuko denborarekin. Leire Uribek, berriz, 17. postuan zeharkatu zuen helmuga, 3 ordu eta 11 minutuko markarekin.

Gizonezkoetan ere maila handiko jarduna eskaini zuten Euskal Selekzioko korrikalariek. Paul Ormaetxeak lasterketa bikaina osatu zuen; hasieratik lehen hamabost postuen artean ibili zen eta pixkanaka postuak irabazten joan ostean, 11. postuan amaitu zuen proba, 2 ordu eta 30 minutuko denborarekin.

Hodei Samaniegok 21. postuan amaitu zuen 2 ordu eta 36 minutuko markarekin, eta aipatzekoa izan zen baita Ibai Cebrian gaztearen lana ere. Korrikalari gazteak 23. postuan amaitu zuen, 2 ordu eta 37 minutuko denborarekin.

Gure ordezkariez gain, emakumezkoetan Malen Osak garaipena eskuratu zuen eta Oihana Zubillagak zazpigarren postua lortu zuen.

Gizonezkoen lasterketan, berriz, Frédéric Tranchand frantziarrak eskuratu zuen garaipena. Iazko Skyrunner World Serieseko irabazleak 2 ordu eta 19 minutuko denborarekin gailendu zen.

Argazkiak: Fotos: Skyrunning / Gontran Isnard + Vivien Wauthier – EMF (taldekoa)

Emaitza bikainak euskal klubentzat FEDMEko TxapeleketanE

Bestalde, joan den asteburuan FEDMEren klub arteko Espainiako Txapelketa ere jokatu zen Trencacims proban, eta bertan ere emaitza bikainak eskuratu zituzten euskal taldeek. Soronea Ammma CMO Valves taldeak gizonezkoen zein emakumezkoen sailkapenetan txapela jantzi zuen, emakumezkoetan Ainhoa Garikano probaren irabazle izan zelarik. Gizonezkoetan, berriz, Aiaramendi Korrikalariak taldeak hirugarren postua lortu zuen.

Argazkiak: Quim Farrero

Similar Posts