Aiako Harria

Aiako Harria eremuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ekialdeko muturrean kokatuta dagoenak, erliebe konplexua dauka, erreka ugarik zeharkatzen dituzten mendien eta troken mosaikoak osatutakoa. Erreka horiek, itsasotik gertu izaki, gainbehera handia egiten dute tarte laburrean, haran estuak eratuz. Gizakiaren eraginez, gehienbat hostozabalen baso mistoek osatzen zuten jatorrizko landaretzaren ordez, hazkunde ertain edo arineko konifero-espezieek betetako baso-sailak zabaldu dira gero eta gehiago; hala ere, interes handiko guneak daude inguru horretan oraindik, hala nola Endarako troka, Aiako Harriak, Bianditzeko pagadia eta Añarbeko pagadi-hariztia.

Aizkorri – Aratz

Ekialdetik mendebaldera egiten duen mendilerro luzea hartzen du, eta Euskal Herriko gailurrik altuenak daude bertan (Aitzuri, 1.550 m). Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen arteko muga egiten du, eta Arabako eta Gipuzkoako lurralde historikoak banatzen ditu.

Parke naturalean, hemengo basoetako zuhaitzez osatutako zabalgune handi eta zoragarriak daude: pagadiak, haritz kandugabeko hariztiak (Quercus petraea), etab. Mendietako alderik garaienetan, zuhaitz-landaredia arraroagoa da. Inguru horietan, belardi menditarrak, txilardiak eta otadiak dira nagusi, mendi horietan horren ohikoak diren ardi latxen jardueraren ondorioz. Ipar isurialdeko landazabaletan, euskal baserriarekin lotutako mosaiko itxurako paisaiak ikus ditzakegu: larreak, baratzak eta fruta-arbolak radiata pinu unadekin uztartzen dira. Zenbait mendi-hegaletan landatutako koniferoak hedadura handiak hartzera iritsi dira.

Aralar

Aralarko Parke Naturala Euskal Herriko mendigunerik garrantzitsuenetakoa da altitudeari, hedadurari, lurzoruaren erabilerei eta balio naturalei dagokienez. Gipuzkoaren hego-ekialdean dago kokatuta, eta mendilerro beraren Nafarroako lurrekin egiten du muga. Lehen mailako paisaia-erreferentzia da.

Parkearen barruan, berezitasun eta balio natural handiko guneak daude, hala nola Akaitzeko pagadia, hagin izugarri dituelako ezaguna dena; Pardarriko harritza, eta Txindoki mendiko iparraldeko hegalak eta trokak, beren flora eta fauna espezie arraroekin; “Ataungo Domo” gailurrak; Arritzaga harana, eta aparteko interes geologikoa duen Pardelutz glaziar-zirkua; hostozabalen baso handiak, eta abar.

Armañon

Euskal Herriko eskualderik landatarrenetako batean dago kokatuta Armañon Parke Naturala. Hala, baserri-jarduerak dira hango paisaian gehien eragiten dutenak, abeltzaintza berreziki. Dena den, edertasun handiko balioak ditu paisaia honek, kareharriaren litologiari esker: harkaitzak, lapiazak, dolinak, arrailak…

Gaur egun oraindik kontserbatzen diren basoen artean, azpimarragarrienak eguteretako artadiak eta laiotzetako pagadiak dira. Baina, lehen esan dugun moduan, zuhaixkez eta belarrez osatutako formazioak dira mendi hauetako ohiko ezaugarri nagusiak.

Diapiro de Añana

Kantaurialdeako Fosa deiturikoan dauden gatz-tximinia ugarien artean garrantzitsuena da Añanako Diapiroa. Bere barnean, bi hezegune nabarmentzen dira, dituzten ezaugarriengatik Euskal Autonomia Erkidegoan ezagunak direnak: Caicedo Yuso eta Arreoko aintzira eta Gesaltza Añanako Gatz-Harana.

Keuper diapiroa deritzon egitura geologiko bereziaren azaleko translazioari dagokio Añanako Diapora. Haren mugen barruan dago Añanako Gatz Harana, garrantzi ekologiko, kultural, paisajistiko eta historiko handiko hezegunea, hain zuzen.

Gorbeia

Bizkaia eta Arabako lurralde historikoetan dago kokatuta parke natural hau, isurialde kantabriarreko eta mediterraneoko uren banalerroa den Gorbeia mendiaren inguruan. Mendi horren altuera dela eta, mendiko klima du, eta, Bizkaiko Golkotik datozen haize hezeei aurrera egitea galarazten dien hesia osatzen duenez, horixe da, hein handi batean, hegoaldeak eta iparraldeak dituzten ezaugarri desberdinen eragilea.

Euskal mendizalearentzat, tradiziozko erreferentzia-puntua da Gorbeia. Gorbeiagane, Aldamin, Oketa, Berretin eta gainerako gailurren erakargarritasunari, paisaien kalitate eta ikusgarritasunari eta mendiak hiriguneekiko duen kokapen estrategikoari esker, mendilerro bisitatuenetako bat da. Oinezko mendizaleek, mendi-txirrindulariek eta zaldizkoek zeharkatu ohi dituzte mendilerro honetako bideak eta pistak, parkean zehazki seinaleztatutako Bide Sareaz eta mendi-federazioek diseinatutako GR eta PR ezagunez baliatuz.

Itxina

Itxinako mendigunea Gorbeiako Parke Naturalaren barruan dago. Konplexu urgoniarreko kareharrien metaketa da, eta fenomeno karstiko interesgarri eta bereziak gertatu dira han.

Geomorfologiaren ikuspegitik, lurgaineko zein lurrazpiko forma karstiko ugari dagoelako da interesgarria; horien artean, Atxulargo Begia deritzona, erdiko leize handia, Axlaorko dolina eta Supelegorko haitzuloa nabarmentzen dira.

Izki

Izkiko Parke Naturalean, basoa da nagusi, eta Europako ameztirik (Quercus pyrenaica) zabalenetako bat dago baso horretan. Baso hori Izki ibaiaren arroa moldatzen duten hareazko lurretan dago kokatuta, eta basurde, orkatz, basakatu eta antzeko ugaztun handiak bizi dira han, pinuari mokoka diharduten txorien populazio paregabeaz gain.

Haitz-horma eskergak dituzten kareharrizko mendiek mugatzen dute, besteak beste, La Muelak, Soilak eta Arluzeak, anfiteatro antzeko bat osatuz. Mendi horietan, basoen izaera aldatuz doa, eta, ametzaren tokian, erkametza ugaldu da eguteran, eta pagoa, berriz, laiotz eta goialdeetan. Inguru horietan, hain zuzen, nagusitu da Izkik bereizgarri duen beste erabileretako bat: abeltzaintza. Izan ere, San Kristobal eta San Justo mendi gailurrak elkartzen dituzten larre bilakatutako belazeetan, behi eta behorrak ikus daitezke, ia urte osoan.

Lagunas de Laguardia

Biotopo babestu hau Arabako Errioxaren erdialdean dago, Laguardiako harresietatik gertu, eta handik ikusi egiten da. Lau hezegune txiki elkartzen ditu: horietatik hiru, Carralogroño, Carravalseca eta Musco, aldi baterako aintzira endorreikoak dira, sorburu eta funtzionamendu naturalekoak; laugarrena, berriz, Prao de la Paul izenekoa, aspaldiko putzu baten gainean sortutako urtegi txiki bat da.

Carralogroño eta Carravalseca aintzirak laborantzarako lehortu, eta, ondorioz, desagertu ziren aintzira txikien multzo baten azken lekukoak dira. Horixe da Musco aintzirari gertatu zaiona: drainatu, lehortu eta laborantzan landu zuten, biotopo izendatu arte; izendapen hori jasoz geroztik hasi zen hezegunea berreskuratzen.

Meatzaldea – Zona Minera de Bizkaia

XX. mendearen hasiera aldera arte, burdina-zainak ustiatu izan zituzten Bizkaiko ipar-mendebaldeko eskualde handi batean, eta, horregatik, hain zuzen, Meatzaldea deritzo gune honi. Ustiapen horren ondorioz, oso paisaia berezia sortu zen, paregabea EAEn, meatzariaren ondareari eta, zehazki, meatzariaren kultura-ondareari dagozkion balioak dituena. Zentzu horretan, “Alta de Galdames” edo “Grumeran” mendia da adierazgarrienetakoa.

Paisaiaren ikuspuntutik, lurraldearen egitura karstikoa askotan azaleratzen da (dolinak, iturriak, sarbegiak…), eta, horien artean, azpimarratzekoak dira orratz-lapiazak. Zorupean, berriz, EAEko haitzulo-dentsitaterik handienetakoa dago. Biotopo honek unitate integratutzat hartzen du lurraldeko sistema karstikoa, eta aukera paregabea eskaintzen du, beraz, unitate geomorfologiko osoa (bai endokarsta, bai lurrazala) kontuan hartuta plangintza egiteko, eta prozesuak eta elkarren arteko harremanak batera aztertzeko.

Pagoeta

Parke barruan, erdigunea osatuz, Gipuzkoako Foru Diputazioko finkak, Pagoeta eta Altzola, Manterola eta Almizuri erreken goi-ibarrak eta Pagoetako tontorrak daude.

Itsasertzeko eta lehorreko ibarren arteko gune honek erliebe malkartsua du, eta altuera batetik besterako aldeak izugarriak dira. Landarediari dagokionez, baso naturalak dira nagusi. Ondoren, sastrakaz betetako inguruak daude. Inguru horietan, goialdeetan, bazkaleku ugari ikus daitezke, eta baserrietatik gertu, berriz, larreak eta belardiak daude. Baso-berritzeak garrantzi handia hartu du, eta azpimarratzekoak dira Altzolarats errekaren ezkerraldean egin direnak.

Río Leizaran

Gipuzkoa aldeko Leitzaran ibaiaren harana estua da, malda handikoa, eta populazio-dentsitate txikia izan du betidanik. Gaur egun, baserrietan jende gutxi bizi da haranaren barrualdean. Horrek eragina du ingurunean, zehazki, uraren kalitatean, bai errekaren bide nagusira erreka-bideetatik jaisten diren hainbat erreken uraren kalitatean, bai Leitzaran ibaiko urarenean.

Horrela, ibaiaren Gipuzkoa aldeko ibilbidean, ez da ez hondakin kutsakorrik, ez jarduera kutsakorrik; eta, horren ondorioz, Gipuzkoan gutxien kutsatuta dagoen eta kalitate oneneko urak daramatzan ibaia da.

Urkiola

Urkiolak Durangaldeko gailur-lerroak hartzen ditu barnean, Anboto eta Aramotz mendilerroak, hain zuzen. Horien gailur-lerroek murrutzar bat osatzen dute ekialderantz. Ingurune hori balio handikoa da naturaren, kulturaren eta paisaiaren aldetik, eta Euskal Herriko ekosistemarik bereizgarrienetakoa dela esan daiteke.

Artzaintza eta baso-ustiapena izan dira betidanik nagusi Urkiolan; inguruan ez dago aipatzeko herririk, San Antonio Santutegia eta ondoko ostalaritzako establezimenduak izan ezik.

Valderejo

Valderejo naturagunea Arabako Lurralde Historikoko mendebaldeko muturrean dago, eta bat dator Valdegovia/Gaubea udalerriko Valderejo Administrazio Batzarraren mugekin. Azpimarratzekoa da hango paisaiaren edertasuna, bai eta askotariko landare eta animalia bereziak ere.

Eskualde mailako hirigune sozio-ekonomikoetatik at egoteak despopulazioa ekarri die oraindik han jarraitzen duten herri txikiei (horietan bizi dira inguruan bizi diren biztanle gutxi horiek), eta herri batzuk, Villamardones eta Ribera herriak, esaterako, erabat hustu dira, arazo horren ondorioz.