Emaitza bikainak Euskal Selekzioarentzat Yading Skyrace proban, Merrell Skyrunner World Series zirkuituan

Euskal Selekzioko korrikalariek emaitza bikainak lortu dituzte Txinako Sichuan probintzian jokatutako Yading Skyrace proban, Merrell Skyrunner World Series Munduko Kopako hitzordu ikusgarrienetako batean. Daocheng Yadingeko mendi paisaia ikusgarrietan zehar jokatzen den lasterketa honek Asiako goi-mendiko ingurunerik ikusgarrienetako batzuk zeharkatzen ditu, eta aurten ere munduko skyrunning espezialistarik onenak bildu ditu.

32 kilometroko ibilbidea, 2200 metro desnibel positibo baino gehiago eta 4.735 metroko altuera maximoa dituen probak erresistentzia, erritmoaren kudeaketa eta altuerara egokitzeko gaitasuna proban jartzen ditu. Euskal Selekzioko ordezkarientzat, gainera, itsas mailan bizi izateak zailtasun gehigarri bat ekarri zuen, altuerara egokitzeko beharra eta Euskal Herriarekin zegoen sei orduko ordu-aldaketa tarteko.

Lasterketa ez zen bereziki teknikoa izan, eta korrika azkar egiteko moduko lur eremua izan zen nagusi. Hala ere, hezetasun handiak, gaueko zatiek eta altuerak baldintzatutako egoerek lasterketa oso gogorra bihurtu zuten.

Gizonezkoetan, lasterketa erritmo bizian hasi zen, Oier Zubeldia eta Paul Ormaetxea hasieratik aurreko postuetan kokatuta. Lehen kilometroetako asfalto eta eremu irekien ondoren, lasterketa gogortzen hasi zen 16. kilometro inguruan, frontalaren erabilera beharrezkoa zen eremuetan eta hezetasun handiko baldintzetan.

Une horretan, atzetik zetorren txinatar talde bateko bi korrikalari aurretik jarri ziren; Paul hirugarren postuan mantendu zen eta Oier minutu eta erdira kokatu zen. Bigarren zatian, 20. kilometro inguruan, korrikalariek helmuga gunetik igaro ziren tenpluz inguratutako eremu batean.  Zirkuituaren 2. zati honetan, ia 4.800 metroko altueraraino igotzen zen azken igoeran, Oierrek aurrerapauso ikusgarria eman zuen eta laugarren postutik bigarrenera  igaro zen gailurrerako kilometro baten faltan. Beheranzko zatian bere sentsaziorik onenak aurkitu zituen, eta bigarren postua sendotu zuen. Paul, berriz, gogor sufritu arren, laugarren postuari eusteko gai izan zen.

Emakumezkoetan, Ainara Alcuaz hirugarren postuan kokatu zen lasterketaren hasieratik bertatik. Beste korrikalari askok bezala, sabeleko arazoak eta zorabioak izan zituen, baina bere sendotasunari eta egoera zailei aurre egiteko duen gaitasunari esker, hirugarren postuari eutsi zion helmugaraino.

Bestalde, Ainhoa Garikanok lasterketa utzi behar izan zuen. Astebetez hainbat arazo fisikorekin ibili ondoren, eta bezperan hobeto sentitzen bazen ere, hasieratik ez zen ondo aurkitu eta 18. kilometro inguruan erretiratzea erabaki zuen.

Azken sailkapenean, gizonezkoetan Ji Duo txinatarrak lortu zuen garaipena (3:32:34). Oier Zubeldia bigarren izan zen 3:38:12 denborarekin, eta Paul Ormaetxeak laugarren postuan amaitu zuen, 3:42:41eko markarekin.

Emakumezkoetan, S. Nurmukhametovak eskuratu zuen garaipena (4:25:24), eta Ainara Alcuazek hirugarren postu bikaina lortu zuen 4:51:57ko denborarekin.

Espedizio luze eta konplexu honetako emaitzak oso positiboak izan dira Euskal Selekzioarentzat, Merrell Skyrunner World Series zirkuituan puntuak eta esperientzia pilatzen jarraitzeko aukera emanez.

Similar Posts