Aitor Ugarte podiumera igo da Fully-ko KM Bertikalean (Suitzan), eta lau euskal korrikalariak lehen hamarren artean sailkatu dira

Podium bat eta lau korrikalariak lehen hamar sailkatuen artean. Balantze horrekin amaitu du Euskal Selekzioak Fullyko Kilometro Bertikalean egindako parte-hartzea. Aitor Ugartek lortu du taldeko emaitzarik onena, nazioarteko bertikal entzutetsuenetako batean bigarren sailkatuta. Aritz Unamunoren seigarren postuak, Garazi Abasoloren zortzigarrenak eta Maider Unanueren bederatzigarrenak biribildu dute euskal taldearen jarduna.

Fullyk ahalegin betea eskatu die beste behin korrikalariei, aurten ohikoaz bestelako ibilbidean. Obrak tarteko, lasterketa 1,9 kilometrotik 2,6 kilometrora luzatu dute, eta saihesbideak igoeraren erritmoa aldatu du. Ia korrika egiterik uzten ez duten malda tenteen artean, pausoa aldatu eta berriro korrika hasi behar izan dute parte-hartzaileek. Beroak are gehiago gogortu du indarrak neurtzea ezinbestekoa den igoera.

Makilak lagungarri izan dira maldan gora egiteko, baina aldapak, lurzoruaren gorabeherek eta erritmo aldaketek etengabe egokitzea eskatu diete korrikalariei. Euskal ordezkariek ondo erantzun diote erronkari, eta gizonezkoen zein emakumezkoen sailkapenetan aurreko postuetan sartu dira.

Ugartek bigarren postua eskuratu du, hasiera bizkorregiaren ondorioak lasterketaren bigarren zatian nabaritu arren. Unamunok, berriz, indarrak ondo neurtuta eta amaierara arte borrokari eutsita, seigarren postua lortu du; emakumezkoetan, berriz, Emakumezkoetan, Abasolo eta Unanue zortzigarren eta bederatzigarren sailkatu dira, hurrenez hurren. Igoeran elkarrengandik gertu aritzeak biei lagundu die: Garazik erreferentzia izan du Maider aurrean ikustea, eta Maiderrek atzetik taldekidea gertu sumatzean aurkitu du ahaleginari eusteko bultzada.

Kilometro bertikaleko eta mendiko eskiko espezialistak biltzen dituen hitzorduan, lau emaitzek erakutsi dute euskal taldearen maila.

Kirol emaitzez gain, talde giro ona eta Fullyra itzultzeko gogoa utzi ditu asteburuak. Antolatzaileek Euskal Selekzioa gonbidatu dute datorren urteko 25. ediziora. Ordurako ohiko ibilbidea berreskuratzea aurreikusten dute, aurtengo obrek eragindako saihesbiderik gabe.

Similar Posts