Orientazioko kirolari gazteei zuzendutako hautaketa-prozesuak sei proba puntuagarri izango ditu. Lehena 2026ko azaroaren 1ean jokatuko da, Irurtzunen.
2027ko Autonomia Erkidegoetako Selekzioen Espainiako Txapelketan (CESA) Euskadi ordezkatuko duten orientazioko kirolari gazteak hautatzeko prozesuan izena emateko epea zabaldu dugu. Txapelketa Extremadurako Badajoz probintzian egingo da, 2027ko maiatzaren 22an eta 23an.
Euskadik gehienez 24 kirolarirekin parte hartu ahal izango du: lau neska eta lau mutil Haur, Kadete eta Gazte (18 urtez azpikoak) kategorietako bakoitzean.
Deialdian Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako kirolariek parte hartu ahal izango dute, jaiotza-urte hauen arabera:
- Gazteak (18 urtez azpikoak): 2009an eta 2010ean jaiotakoak.
- Kadeteak: 2011n eta 2012an jaiotakoak.
- Haurrak: 2013an eta 2014an jaiotakoak.
- Bigarren urteko kimuak: 2015ean jaiotakoak. Haur kategorian plaza hutsak geratuz gero, kirolari horiek taldea osatu ahal izango dute.
Edizio honetan, hautaketa-prozesua 2026ko azaroan hasi eta 2027ko maiatzaren hasierara arte luzatuko da, txapelketa aurreko edizioan baino hilabete lehenago egingo baita.
Egutegiak sei proba puntuagarri izango ditu, eta hautagai bakoitzaren lau emaitzarik onenak hartuko dira kontuan. Hauek dira aurreikusitako lehen bi hitzorduak:
- 2026ko azaroaren 1ean, Irurtzunen: basoko proba.
- 2026ko azaroaren 29an, Leioan: nagusiki hiri-eremuan egingo den proba.
Gainerako probak 2027ko lehiaketa-egutegiak zehaztu ahala jakinaraziko dira. Kategoria eta sexu bakoitzeko sailkapeneko lehen hiru kirolariek selekzioan parte hartzeko plaza lortuko dute; laugarren plaza zuzendaritza teknikoaren erabakiz esleituko da.
Gainera, ahal bada, asteburuko kontzentrazio bat edo bi antolatuko dira, entrenamenduak egiteko. Talde teknikoa familiekin harremanetan egongo da prozesu osoan, hautagaien jarraipena errazteko.
Federaziotik Euskadiko orientatzaile gazteak deialdian parte hartzera animatzen ditugu. Aukera izango dute kirolean hobetzen jarraitzeko, beste kirolari batzuekin esperientziak partekatzeko eta Euskadi estatuko txapelketan ordezkatzeko.
Interesa dutenek 2027ko CESArako hautagaien izen-emate formularioa bete behar dute. Sailkapen-proba bakoitzerako izen-ematea bereiz egin beharko da.
Araudia, kategoriekin lotutako informazio guztia, puntuazio-sistema, web honetako Orientazioa atalean 👉 https://suspicious-chebyshev.51-178-31-69.plesk.page/eu/kirol-modalitateak/orientazio/
Edozein zalantza argitzeko, talde teknikoarekin harremanetan jar zaitezkete helbide honetan: [email protected].
