Euskal Selekzioko harrobia nabarmendu da International Open Le Tout à Blocs 2026 txapelketan

Eskaladako Euskal Selekzioak amaitu du International Open Le Tout à Blocs 2026 (TAB) nazioarteko txapelketa entzutetsuan izan duen parte-hartzea. Lehiaketa uztailaren 20tik 25era jokatu da L’Argentière-la-Bessée herrian (Frantziako Alpeak), eta euskal ordezkaritzak emaitza bikainak lortu ditu.

Irati Zabala hautatzailearen zuzendaritza teknikopean, eta Idoia Martínezen laguntzarekin, Euskal Selekzioa 11 eskalatzailek osatu dute. Horien artean, Lier Pérez gazteak podiumera igotzea izan da emaitzarik aipagarriena. Horrez gain, Elene Oterminek eta Ainhoa Uskolak laugarren postua eskuratu dute, eta Sofía Hernández eta Emma Hernández ahizpek bosgarren eta seigarren postuetan amaitu dute, hurrenez hurren.

Emaitzez harago, txapelketa honek berriro ere agerian utzi du Euskal Herriko eskalatzaile gazteen maila handia nazioartean. Izan ere, Euskal Selekzioaren jardunak beste federazio eta talde batzuen interesa piztu du, eta etorkizuneko lankidetza eta esperientzia-trukeetarako gonbidapenak jaso dituzte.

Zorionak eman nahi dizkiogu espedizioko kide guztiei egindako lanagatik eta Euskal Selekzioa bikain ordezkatzeagatik.

Zorionak, talde!

Similar Posts