uskal Mendizale Federazioak (EMF-FVM) amaiera eman dio nazioarteko skyrunning denboraldiari Euskal Selekzioaren parte-hartzearekin Marató dels Dements proban, azaroaren hasieran, Eslida (Castelló) herrian ospatutakoan. Lasterketa honek Merrell Skyrunner World Series 2025 egutegiko finala izan zuen, eta munduko korrikalari nagusiak bildu zituen azken norgehiagokan.
42,5 kilometroko ibilbidea eta 3.808 metroko desnibel positiboa izan zuen probak, eta bereziki teknikoa eta gogorra izan zen: harkaitzez, artelatzez eta sakanez beteriko lurraldean garatu zen. Espadán mendia izan zen punturik altuena. Guztira bederatzi tontor igo zituzten korrikalariek, eta, segurtasun-arrazoiengatik, azken unean ibilbidea hiru kilometro laburtu zen.
Euskal taldea Skymasters modalitateko sei finalistekin eta Open kategoriako bi ordezkarirekin aritu zen, eta maila bikaina erakutsi zuen denboraldiko proba gogorrenetako batean.
Ainhoa Garikanok lan aparta egin zuen, atzetik aurrera etorrita eta 7. postuan helmugaratuz (1. Sénior F. Open), distantzia luzeko bere lehen esperientzian.
Ainara Alkuasek ere maila handiko lasterketa egin zuen, 9. postua lortuz, eta denboraldi bikaina borobilduz, Munduko Kopako sailkapen nagusian 8. postuan amaituz.
Horien atzetik Oihana Zubillaga (11., 10. Skymasters), Irune Vélez de Mendizabal (15., 12. Skymasters) eta Ainara Arkarazo (17., Open) sailkatu ziren. Guztiek erakutsi zuten erregulartasun eta maila handia, lasterketa zail bezain ikusgarrian.
Gizonezkoetan, Paul Ormaetxeak denboraldi bikaina amaitu zuen 12. postuan, eta Hodei Samaniegok 15. postua lortu zuen. Aitor Blancok, berriz, ez zuen lasterketa amaitu arazo fisiko batzuengatik.
Bestalde, Open modalitatean lehiatu ziren euskal korrikalariak ere nabarmentzeko modukoak izan ziren: Ibai Urrutiak 19. postua (1. Sénior M. Open) eskuratu zuen, eta Aitor Zunzunegik 20. postuan amaitu zuen.
Eslidako lasterketako emaitza orokorrei dagokienez, garaipena Manuel Merillas eta Anastasia Rubtsovarentzat izan zen. Sailkapen orokorrari dagokionez, eta puntuazio guztiak batu ondoren, 2025eko Skyrunner World Series txapelketako irabazleak izan dira Luca del Pero italiarra eta Anastasia Rubtsova errusiarra, azken honek aurreko denboraldian lortutako titulua berretsi du.
Naiara Irigoyen napartarrak, aurreko urteetan zenbait lasterketatan Euskal Selekzioaren elastikoa ere jantzi izanak, bigarren postua eskuratuz jardunaldi bikaina osatu zuen, eta Skyrunning-eko Munduko Kopako sailkapen orokorrean ere bigarren postuan amaitu du.
Euskal Mendizale Federazioaren arabera, 2025eko denboraldiaren balantzea oso positiboa izan da: Euskal Selekzioak presentzia nabarmena izan du nazioarteko lasterketa nagusietan, eta gero eta talde lehiakorragoa osatu du, bereziki emakumezkoen atalean.
Kontsulta ezazu hemen Skyrunner World Series 2025-ko sailkapen orokorra
