San Inazio Gorbeian: tokiko produktuen azoka eta egurra txikitzeko desafioa Gorbeiako Aterpean

Uztailaren 31n, San Inazio eguna ospatzeko, Gorbeiako Aterpeak jardunaldi berezia antolatu du Arrabako zelaietan. Egitarauak Gorbeiako tokiko produktuen sustapena eta herri kirolen erakustaldia uztartuko ditu, publiko guztiarentzat irekita.

Eguneko berritasun nagusia “Gorbeiako Egunien, Gorbeiako Produktuak” azokaren lehen edizioa izango da. Gorbeiako zortzi ekoizlek aterpeko terrazan jarriko den karpa partekatuko dute, beren produktuak erakutsi eta salgai jartzeko. Azokaren helburua Gorbeiako produktuei ahalik eta ikusgarritasun handiena ematea da, bisitariei ustiategien, produktuen, ekoizpen-prozesuen eta erosketa aukeren inguruko informazioa eskainiz. Antolatzaileek ekimen honek etorkizunean hazten jarraitzea eta eskualdeko ekoizle gehiago biltzea espero dute.

Parte hartuko duten ekoizleen artean ardi eta ahuntz gaztagileak, Terreña eta Piriniar arrazako behi-haragi ekoizleak, txorizogileak eta Gorbeiako hainbat herritako baserriko produktuen ekoizleak izango dira, besteak beste.

Jardunaldiak “Egurre Txikitze Desafioa” ere izango du protagonista. Erronka 09:30ean hasiko da, eta aurrez aurre ariko dira Beñat Elorrieta, Arrigorriagako Jasoka H.K.-ko aizkolari federatua, eta Joseba Elorrieta, Gorbeiako Aterpeko zaindaria. Biek aterpeko sukaldean erabiliko den egurra prestatuko dute, herri kirolaren eta baserriko eguneroko lanaren arteko lotura erakutsiz.

Desafioan 1.000 euro egongo dira jokoan, eta jardunaldia amaitzean bertaratutako publikoak erabakiko du zein egur-pilak merezi duen garaipena.

INFORMAZIO GEHIAGO > San Inazioak 2026 Gorbeian

Similar Posts