Zamudioko udalerrian dagoen Berreagako tontorra txiki geratu da gaur goizean Ehun Mendietako Ermandade Eguna dela eta. 300 lagun inguru elkartu dira goizean goiz Derion, ibilaldiaren abiapuntu eta helmugan, mendi eta ospakizun egun bat partekatzeko, mendian ibiltzeko eguraldi bikainarekin.
Ibilaldia Derioko udal frontoiaren kanpoaldetik abiatu da, eta Berreagara (363 m) igo da, Untza Mendi Taldeak prestatutako ibilbideari jarraituz. Klubak Joseba Undurraga Ermandadearen Anai Nagusiak, Rosa Pérez zuzendaritzako kideak eta Ibon Beaskoetxea Bizkaiko Mendizale Federazioko bidezidor teknikariak osatutako taldearekin batera antolatu du hitzordua. Abiapuntura itzuli ondoren, Ermandadeko kide berriei ongietorria egin zaie, eta diplomak eta aitortzak banatu dira.
Aurtengo edizioan, Ehun Mendien Lehiaketa 130 aldiz osatu izana aitortu da. Horietatik 63 lehen ehunmendikoa amaitu eta Ermandadean sartu diren pertsonei dagozkie. Beste 67ak, berriz, lehiaketa berriro osatu dutenei, bigarren, hirugarren edo hurrengo ehunmendikoetan mendiak batzen jarraitzen dutenei. Gainera, bost lagunek Ehunmendiko Bereziaren diploma jaso dute.
«600 Gailurrak», mendizale ibilbide oso baten aitortza
Aurtengo hitzorduak esanahi berezia izan du EMFren «600 Gailurrak» sariaren banaketagatik. Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebaluazio batzordeak erabaki du 32 hautagaitzak merezi dutela aitortza hau. Sariak iraunkortasuna, mendizaletasuna eta mendien bidez Euskal Herria ezagutzeko gogoa jartzen ditu balioan.
Sariak Euskal Herriko Mendien Katalogoaren 2018ko edizioan jasotako 597 gailurrak hartzen ditu erreferentziatzat, euskal toponimia duten beste hiru gailurrekin batera: Auñamendi, Gurdieta eta Kanbilu. Hautagaitza bakoitzaren atzean mendia bizimodu duen ibilbide bat dago, EMFren azken kanpainaren leloarekin bat datorrena: Natura da gure aukera.
Ekitaldian, EMFko presidenteak tradizio honen jarraipena eta lehiaketaren hurrengo urratsak nabarmendu ditu:
«Eskerrak eman nahi dizkiet Untza Mendi Taldeko boluntarioei eta Joseba Undurraga gure Anai Nagusiari, Rosa Perezi eta Ibon Beaskoetxeari, gaurko hitzordua antolatzeko egindako lanagatik. Topaketa honek bizirik mantentzen du euskal mendizaletasun antolatuaren hastapenekiko lotura, 1914ko iraileko gau batean mendiko lehiaketa bat abian jartzeko Ganekogortara igo ziren Bilboko Club Deportivoko mendizale haiekiko lotura. Mende bat baino gehiago igaro ondoren, ibiltzeko, elkarrekin gozatzeko eta herria ezagutzeko gogo berarekin biltzen jarraitzen dugu. Mendizale askorentzat, Ehun Mendietako Lehiaketa bizimodu bihurtu da, eta kide berriak batzen direla eta beste batzuek ehunmendiko gehiago osatzen dituztela ikusteak erakusten du ekimenak oso erakargarria izaten jarraitzen duela».
«Gure mendien ezagutzan sakontzeko urratsak egiten jarraitzen dugu. Euskal Herriko Mendien Katalogoak edizio berria izango du laster, eta “600 Gailurrak” sariak lehiaketa gisa izango du jarraipena, katalogo horrek jasoko dituen Euskal Herriko 600 gailurrekin. Ibilbide oso bati egindako aitortza hau gure herriko mendiak eta bazterrak ezagutzen jarraitzeko gonbidapena ere izatea nahi dugu».
Diplomak eta opariak banatu ondoren, pintxopotea egin dute parte-hartzaileek, mendizale belaunaldien arteko topaketari jarraipena emanez. Tarte horretan, dozenaka mendizale hurbildu dira gure babesle LABORAL Kutxak EMF Mendiak aplikazioaren lehen erronka ofiziala osatu dutenentzat emandako saria jasotzera. Guztira, 150 lagunek baino gehiagok parte hartu dute lehen edizio honetan. Erronka gailurretara egindako igoerak erregistratzean zetzan: mendien izenen lehen letrekin LABORAL hitza osatu behar zen, R letra komodin gisa erabilita. Lehen edizioaren arrakastari jarraipena eman nahi diogu, erronka eta proposamen berriekin.
