Euskal Mendizaletasunaren Galaren hogeita hamargarren edizioak esanahi berezia izan du aurten, Club Alpino Padura Mendi Taldearen 75. urteurrenarekin bat egin baitu. Kluba bera arduratu da aurtengo gala antolatzeaz, eta ospakizuna aukera paregabea izan da Arrigorriagako mendizaletasunaren historian errotuta dagoen elkarteari omenaldia egiteko eta bere 75 urteko ibilbidea aitortzeko.
Klubak protagonismo berezia izan du ekitaldian zehar. Batetik, 75 urte hauetako historia eta bilakaera jasotzen dituen ikus-entzunezko bat proiektatu da; bestetik, urteurrenaren harira antolatutako jarduerak biltzen dituen bideo bat eskaini da. Bi une horiek aukera eman dute Paduraren ibilbidea mendizaleen komunitatearekin partekatzeko, iragana gogora ekartzeko eta klubak gaur egun duen bizitasuna agerian uzteko.
Aitor Albizuak aurkeztutako galan Arrigorriagako alkateak parte hartu du, eta Josu Ruiz de Azua Club Alpino Padurako presidenteak eta Ricardo Hernani Euskal Mendizale Federazioko presidenteak ere hartu dute hitza.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak pozik hartu du euskal mendizaletasunarentzat hain esanguratsua den ekitaldia herrian ospatzea, eta mendiarekin duen lotura pertsonala partekatu du, lasaitasuna aurkitzeko, naturarekin harremanetan egoteko eta besteekin elkartzeko gune gisa deskribatuz. Saridunak zoriondu ditu, baita Club Alpino Padura ere, bere 75. urteurrenean, gero eta indibidualistagoa den gizarte batean talde-izaerari eusteko eta komunitatea sendotzeko egiten duen lana nabarmenduz. Era berean, EMFren lana eta Pyrenaicaren mendeurrena goraipatu ditu, eta aipamen berezia egin die boluntarioei: «Zuen lan desinteresatuari esker, mendiaz gozatzen, mendia zaintzen eta partekatzen jarrai dezakegu».
Bestalde, Josu Ruiz de Azua Club Alpino Padurako presidenteak Arrigorriagak mendiarekin duen lotura estua nabarmendu zuen, herriaren izenean bertan ere ageri dena. Harriaren eta harkaitzaren arteko lotura horretatik abiatuta, natura, ahalegina, pazientzia, gozamena eta lagunartea oinarri dituen mendizaletasuna aldarrikatu zuen. Pyrenaicaren mendeurrena ere izan zuen hizpide, eta aldizkaria «gure mendizaletasunaren paperezko bihotza» dela adierazi zuen. Horrekin batera, mende osoan zehar mendizaletasunaren zabalkundean, mendizaleen arteko harremanak sendotzen eta mendiarekiko maitasuna eta errespetua transmititzen egindako lana goraipatu zuen.
Bere hitzaldian, EMFko presidenteak euskal mendizaletasunaren oinarri diren kluben eginkizuna aldarrikatu zuen: ikasteko, elkartzeko eta auzolanean aritzeko guneak, «mendia, federazioa eta herria egiten dutenak». Padura Mendi Taldearen 75. urteurrena eta Pyrenaica aldizkariaren mendeurrena zoriontzearekin batera, mendizale belaunaldiek eraikitako ondare kolektiboa nabarmendu zuen. Haien konpromisoak bizirik eusten dio kirol jardunetik harago doan mendia ulertzeko moduari.
«Gure hitzek oihartzuna dute, baina gure ekintzek definitzen gaituzte», adierazi zuen Galako sarien helburua azaltzean: jarduera aipagarrienak ez ezik, hamarkadetako dedikazioa, beren esperientziak partekatzen dituztenen eskuzabaltasuna eta klubei eusten dien lan sarritan anonimoa ere aitortzea. Juan Mari Feliú ere gogoan izan zuen; haren ondarea konpromisoaren eta gizarteari egindako ekarpenaren erakusgarri da.
Mikel eta Jon Inoriza, “Andrés Espinosa Euskal Mendizale 2026” EMF Saria
EMFren urteko aitortza nagusia, “Andrés Espinosa Euskal Mendizale 2026” EMF Saria, Mikel eta Jon Inoriza anaiek jaso dute.
Alpinista eta eskalatzaile nabarmenak dira, eta nazioartean ezagunak dira harkaitzean, izotzean eta muturreko eskian egindako zailtasun handiko espedizio eta igoerengatik. Biak alpinismoaren eta eskaladaren belaunaldi gazteko erreferenteen artean daude.
Oihana Kortazar, “Loli López Goñi Emakume Mendizaleak” EMF Saria
Oihana Kortazar Aranzeta mendiko lasterkariak “Loli López Goñi Emakume Mendizaleak” EMF Saria jaso du. Aitortza horren bidez, EMFk emakumeek mendizaletasunean egindako ibilbidea eta jarduera nabarmendu eta balioan jarri nahi ditu.
Kortazarrek ibilbide oparoa egin du mendiko lasterketetan, eta nazioarteko titulu garrantzitsuak lortu ditu. Txirrindularitzan eta duatloian eman zituen lehen urratsak, trailera iritsi aurretik; diziplina horretan berehala hasi zen nabarmentzen.
2011n Skyrunningeko Munduko Kopa irabazi eta Europako txapeldun izan zen; Zegama-Aizkorri, berriz, 2011n eta 2012an irabazi zuen. Azken urteetako garaipenek erakusten dute goi mailan jarraitzen duela: 2023an FEDMEren Espainiako lineako mendi lasterketen txapelketa irabazi zuen —bere ibilbideko bosgarrena—, eta 2024an FEDMEren Espainiako ultra txapelketa.
Eñaut Izagirre, Antxon Bandrés Saria Urteko Jarduera Onena
“Antxon Bandrés Urteko Jarduera Onenaren” EMF Saria Eñaut Izagirrek jaso du. Elgoibarko glaziologoa eta National Geographic Explorer da, eta Patagoniako eta Pirinioetako glaziarren ikerketan espezializatuta dago.
Izagirrek espedizio eta ikerketa ugaritan parte hartu du, bereziki Darwin mendikatean. EHUn Geografiako irakasle gisa egiten duen lana doktoregoarekin uztartzen du, eta hainbat sari eta aitortza jaso ditu alpinismoaren, esplorazioaren eta glaziologiaren arloetan.
Aintzatespen honen bidez, EMFk glaziarren bilakaera eta etorkizuna aztertzearen garrantzia azpimarratu nahi du, baita mendi federazioek ingurune horiek ezagutzeko eta kontserbatzeko duten konpromisoa indartu ere. Izagirreren lanak ingurune horiek jasaten ari diren eraldaketak ulertzen eta mendizaleak haiek babestearen garrantziaz jabetzen laguntzen du.
Baltasar Zapatero eta José Nieto Madrid, Ibilbidea EMF Saria
EMFren Ibilbideari Saria aurten ex aequo eman zaie Baltasar Zapaterori eta Jose Nietori, mendizaletasunarekin urte luzez izandako lotura eta egindako ibilbidea aitortzeko.
Baltasar Zapatero mendizale beteranoa eta Arroletza Mendi Taldeko bazkide historikoa da. 93 urterekin aktibo jarraitzen du eta klubeko erreferentea da. Gainera, aitzindaria izan zen mendietako postontziak argazkitan jasotzen eta haien txartelen bilduma egiten.
Club Alpino Padurako mendizalea eta 1974tik bazkidea, hainbat ardura izan ditu klubean, batzordekide izatetik presidente izatera arte. Duela 40 urte baino gehiagotik federatua, gaur egun ere Zuzendaritza Batzordeko kide da eta mendizaletasuneko hainbat modalitate praktikatzen jarraitzen du. Klubaren barruan, Ramón González Sojo sortzaile maitearen lekukoa hartu duen pertsonatzat dute.
Txema Noval, “Euskal Mendizaletasunaren Adiskideak” EMF Saria
Txema Novalek “Euskal Mendizaletasunaren Adiskideak” EMF Saria jaso du. Mendiarekin lotura berezia duten eta mendizaletasunaren sustapenean zein mendizaleen komunitatearen alde egindako lanean nabarmendu diren pertsona eta erakundeak aitortzen ditu sariak.
Seraingen (Belgika) jaio zen, eta Burlatan bizi da 1965etik. Mendizale amorratua da, eta bizitzan zehar herriko hainbat kirol- eta boluntariotza-ekimenetan parte hartu du. Euskal Herriko Mendi Biltzarraren egitura juridiko osoa antolatzeaz arduratu zen, eskuzabaltasunez eta inolako ordainik jaso gabe.
Pyrenaicak bere sariak banatu ditu mendeurrenaren urtean
Galaren baitan Pyrenaicaren urteroko sariak ere banatu dira, Euskal Mendizale Federazioaren aldizkariarentzat bereziki esanguratsua den 2026 honetan, mendeurrena ospatzen ari baita.
Pyrenaicaren Blogaren X. Lehiaketan, Esther Merinok jaso du lehen saria, Los dólmenes de Kuartango (Araba) lanagatik.
Pyrenaicako XLIII. Mendi Argazkien Lehiaketan, Jose Inazio Izagirrek eskuratu du lehen saria, Betato eta Telera-Partacua udazkenean argazkiarekin; eta José Antonio Ramosek bigarrena, Cultivando bajo los colosos lanarekin.
Pyrenaicako XLII. Mendi Artikuluen Lehiaketan, Haizea Ramirez eta Unai Razkin izan dira lehen sarituak, 63 eguneko ibilaldia. 8000koen erreinuan barrena lanagatik. Bigarren saria Beatriz Jaureguik jaso du, La vía, no tan verde, del Duero portugués artikuluagatik; eta hirugarren saria, ex aequo, Iván Ruizek, Sanabriako zeharkaldia. Lau eguneko abentura, izotzak moldatutako mendietan zehar lanagatik, eta Karlos Aretxabaletak, Balellaza orratzak. Bisaurin. “Azken poeta” lanagatik.
Pyrenaicaren Mendeurreneko Kontakizun Lehiaketan, euskarazko lehen saria Eneko Arregik jaso du, Ilunabar arrosak lanagatik; eta gaztelaniazko lehen saria Carlos Gonzálezek, Antoto lanagatik.
Horrez gain, aldizkariko bi kolaboratzaileren lana ere aitortu da, mendeurreneko “Guztiona, guztiontzat. 1926-2026” lelopean: Arantza Lazurtegui eta Alberto Mella.
Galaren amaieran, EMFk eta Pyrenaicak saritutako lagun guztiak elkartu dira agertokian. Horrela eman zaio amaiera 2026ko aitortzak euskal mendizaletasunarentzat bereziki esanguratsuak diren bi urteurrenekin uztartu dituen ekitaldiari: Club Alpino Paduraren 75. urteurrena eta Pyrenaicaren 100. urteurrena.

