Euskal Mendizaletasunaren Museoa, Emmoa, Mendiko Museoen Nazioarteko Elkargoko (IMMA) kide berritzat onartu dute berriki, apirilaren 30ean Sabadellen (Katalunia) egindako urteko batzarrean.
2013an sortua eta Gasteizen egoitza duena, Emmoa euskal mendizaletasunaren ondarea gordetzea, ikertzea eta zabaltzea helburu duen museo gisa jaio zen. Hamar urteko ibilbidean, dokumentazio- eta material-bilduma zabala osatu du, besteak beste, objektu historikoak, argitalpen espezializatuak, artxibo fotografikoak eta erakusketak bilduz, mendiarekin lotutako historia kolektibo baten lekuko bihurtuz.
Museoak balio sinboliko eta historiko handiko piezak biltzen dituzte. Gaur egun, 900 pieza katalogatu baino gehiago ditu bildumak, eta horiei gehitu behar zaizkie 5.000 argazki digitalizatu, 4.500 liburu baino gehiago, hemerotekak, elkarrizketak eta erakusketa –iraunkor zein ibiltariak–.
IMMA 2015ean sortu zen, Nazio Batuen babesez, eta Turinen (Italia) du egoitza. Mundu osoko mendiko museo eta dokumentazio-zentro espezializatuak biltzen ditu. Gaur egun, Italiako, Frantziako, Poloniako, Kanadako, Nepalgo, Suitzako, Errumaniako eta Kataluniako erakundeak dira sare horretako kide. Emmoa sartzearekin, hamahiru dira dagoeneko nazioarteko plataforma horretan bat egin duten zentroak, mendiko kulturaren kontserbazioa eta museoen arteko lankidetza sustatzeko lan egiten duena.
Azken urteotan, Emmoak harreman aktiboa izan du IMMArekin, elkargoaren jardueretan parte hartuz eta euskal mendizaletasunaren ondare eta identitatearekin lotutako proposamenak aurkeztuz. Orain kide oso bihurtuta, nazioarteko lankidetza berriak sustatzeko bideak zabalduko dira, eta Euskal Herritik arlo honetan egindako lanari aitortza emango zaio.
IZENDAPENA OSPATZEKO BIDEOA
Euskal mendi federazioaren sorrera, Everest, K2 edo Jannuko lehen espedizioak, eta Antxon Bandres, Andres Espinosa, Pedro Udaondo, Angel Landa, Loli Lopez Goñi, Adolfo Madinabeitia, Iñurrategi anaiak edo Edurne Pasaban bezalako pertsonaia historikoak dira EMMOAren bideo berriaren protagonistak.
Izendapena dagokion bezala ospatzeko, eta EMMOA patronatuko kide den einetik -Euskadiko eta Nafarroako mendi federazioekin batera-, Mendi Filmek ospakizun eta aitortza bideo hau editatu du, Jon Herranz dokumentalgilearen eskutik, irudi zaharrei bizia emanaz adimen artifizialaz lagunduta.
