Euskal Mendizale Federazioak bere urteko gala ospatu du Donostian, Club Vasco de Camping Elkartearekin batera

Euskal mendizaletasunaren urteko hitzordu handiak berriro ere bildu zituen ostiral honetan Donostiako Aldapeta Maria Ikastetxeko auditorioan klubak, federatuak, agintariak eta mendiko munduko ordezkariak. Aurten Club Vasco de Camping Elkarteak (CVCE) antolatutako ekitaldian, Euskal Mendizale Federazioaren Urteko Gala giro berezian ospatu da, aitortzaz eta lankidetzaz betea, Federazioaren eta mendiko jarduerako nazioarteko argazki lehiaketa ospetsuaren, CVCEPHOTOren, arteko egitarau bateratuarekin.

Ainhoa Urretabizkaiak aurkeztutako ekitaldia Thierry Biscaryren emanaldiarekin hasi zen, eta ondoren agurra eta hitz instituzionalak izan ziren, non CVCEko presidentea, Juan Carlos Sanz, Euskal Mendizale Federazioko presidentea, Ricardo Hernani, eta Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria, Gorka Iturriaga hitz egin zuten

Mendizaletasunaren oinarrian dagoen lan kolektiboaren eta borondatezko konpromisoaren balioa azpimarratu zuten; gaur egun, 41.000 federatu baino gehiago biltzen dituen komunitatea baita.

Juan Carlos Sanzek, Club Vasco de Camping Elkarteko presidenteak, aurten 75 urte betetzen dituen elkartearen buruak, nabarmendu du bazkide kopuru handiaz gain (4.000 baino gehiago), haietako guztien nahiei eta kezkei erantzuteko antolatzen diren jarduera ugariak ere badirela, horiei erantzuteko egutegi egoki baten bidez.

Ekitaldiko hitzaldi nagusian, Ricardo Hernanik gogorarazi zuen mendizaletasunaren erronka nagusiak: klubetan belaunaldi-erreleboa bermatzea, ingurunearekiko errespetuaren balio tradizionalak mantentzea, haize-parkeek sortutako kezkak eta mendiko kontsumo ohitura berriek izan dezaketen eraginaz hausnartzea. “Jarraitu, bai, baina ez edonola, ezta edozein prezioren truke ere. Betiko balio berberekin jarraitu behar dugu, horiexek ekarri baitute gaur egun garen tokira eta garen izatera”, nabarmendu zuen.

Iturriagak, aurrez aurre bertaratu ezin izan bazen ere, mezu bat bidali zuen, gonbidatuz bertaratutakoak mendiaz gozatzen jarraitzera: “Mendizaletasunarekiko maitasuna elikatu, une bakoitza ospatu eta ondo pasa. Zabalduz, gainera, gure pasioa mundu osoan. Gogoratu zuen leloa: betidanik betiko.”

EMF 2025 SARIAK

Ekitaldiak Euskal Mendizale Federazioaren urteko sarien banaketarekin jarraitu zuen, urtean zehar federazio-eremuan egindako lan, ibilbide eta ekarpen aipagarrienak aitortzeko helburuarekin.

  • “Euskal Mendizaletasunaren Lagunak” EMF Saria Mendietxe Elkartearentzat izan zen, Soraluze Elorza familia eta  Alex Txikonek alpinistak sortua, Azpeitian eraiki duten nazioarteko mendiko museoa bultzatzeagatik eta Emmoa Fundazioarekin etorkizuneko lankidetzagatik.
  • Ibilbidearen EMF Saria José María Pradera Gurrutxaga eta Juan Luis Arriola Loiola mendizale beteranoentzat izan zen, klubetan eta mendiko kulturaren sustapenean egindako bizitza osoko lanagatik. Pradera 15 urterekin sartu zen Arroletza Mendi Taldean, eta Bizkaiko Mendizale Federazioko lehen presidentea ere izan zen. Arriolak, berriz, Arabako mendizaletasunari eman dio bizitza osoa: ibilbideak diseinatu eta inguruko gida-liburuak idatzi ditu.
  • EMFren “Loli López Goñi Emakume Mendizaleak” saria Arantza Lazurtegi mendizaleak jaso zuen, mendizaletasun femeninoan emandako adibide eta lidergoagatik. Bi mila gailur baino gehiago igo ditu, horien artean, ehunekoen katalogoko 920. Mendi lehiaketa eta txapelketa askotan parte hartzeaz gain, Sopelako Munarrikolanda Mendi Taldeko lehendakaria da.
  • “Antxon Bandrés Jarduera Interesgarriena” EMF Saria Rafa Elorza, Eli Azurmendi eta Juan Carlos Sanz izan ziren sarituak, El arte del croquis en la escalada liburuaren egileak, eskaladako krokisaren balio artistiko eta dokumentala aldarrikatzeagatik.
  • Sari nagusia, “Andrés Espinosa Euskal Mendizale 2025” EMF Saria, Joseba Iztueta alpinista gipuzkoarrari eman zitzaion, bere ibilbide luzeagatik eta abentura, autohorniketa eta aurkikuntza oinarri dituen mendizaletasunaren espirituari egindako ekarpenagatik. Pirinioetan, Alpeetan, Kirgizistanen, Tajikistanen, Indian, Marokon eta Baltistanen ibili da, beste hainbat lekurekin batera. Bere ibilbidea Andres Espinosa aitzindariarenaren antzekoa da.
Argazkiak: Alicia Tebar & Josu Fernandez Varona / Club Vasco de Camping Elkartea

PYRENAICA SARIAK

Urtero bezala, Euskal Mendizale Federazioaren aldizkariak, Pyrenaicak, azken urtean argitaratutako artikulu eta argazki onenak saritu zituen.

  • XLII. Pyrenaica Argazki Lehiaketan sarituak Juan José López Azurmendi, Llegando a Concordia lanagatik, lehen saria eramn du eta Antxon Gorrotxategi bigarren saria Lyskamm lanagatik.
  • XLI. Pyrenaica Artikulu Lehiaketan irabazleak Josu Granjaren La sima Leunbe y el Maelstrom vasco, lehen saria eramanez; Kattalin de Pedro eta Iñigo Unanueren Zikloalpinismoa Bolivian, bigarren sariarekin eta Mikel Arrizabalaga, hirugarren saria Tashi Delek lanagatik izan ziren.
  • Azkenik, Pyrenaica Blogaren IX. Saria Ainhoa Lendinezentzat izan zen, Ama Dablan izeneko argitalpenagatik.
Argazkiak: Alicia Tebar & Josu Fernandez Varona / Club Vasco de Camping Elkartea

CVCEPHOTO 2025: 11 URTEKO IRUDIEN MAILA HANDIA

Thierry Biscaryren musika-emanaldi labur berri baten ondoren, Galak  CVCEPHOTO lehiaketaren 11. edizioko sarien banaketarekin jarraitu zuen, Club Vasco de Camping Elkarteak antolatua. Aurten, 38 herrialdeetako 144 argazkilarik parte hartu dute.

Sari berezien artean, EITB Saria, Euskal Herriko argazkirik onenarena, Aritz Gordo-rentzat izan da (Equilibrio Invernal) eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Kartelaren Saria, berriz, Julia Roger Veyerentzat (The Cave). Bestalde, hiru sari nagusiak honako hauek izan dira, lehenetik hirugarrenera: Rainer Eder (Michelangelo), Alex Wides (Climbing) eta Patricia Valero (Bailando en el río)

Ekitaldia amaitzeko, sari guztien irabazleek talde-argazkia atera zuten, eta hurrengo gala Arrigorriagan Padura Mendi Taldeak (Bizkaia) antolatuko duela iragarri zen, 2026an bere 75. urteurrena ospatuko duen kluba.

Argazkiak: Alicia Tebar & Josu Fernandez Varona / Club Vasco de Camping Elkartea

Argazkiak HD, gure FLICKR:
Euskal Mendizaletasunaren XXIX. Gala

Similar Posts