Besaiden ospatuko da Oroimen Eguna irailaren 20an

Iraileko hirugarren igandean ohi bezala, euskal mendizaleak Besaiden elkartuko dira, mendian bizia galdu dutenak gogoratzeko eta omentzeko. Aurten, irailaren 20an, igandean, izango da hitzordua, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak bat egiten duten gunean, euskal mendizaletasunaren oroimenaren ikur bilakatu den lekuan.

Euskal Mendizale Federazioak (EMF) eta mendi elkarteek mendian bizia galdu duten mendizaleak omenduko dituzte. Aurtengo antolakuntza Besaide Mendizale Elkartearen esku dago, eta parte hartu nahi duten guztiak oinez igotzera animatu ditu.

Oinezko igoera eta omenaldiaren egitaraua

Oinez igotzeko, honako elkargune hauek zehaztu dira:

  • 9:00 | Monterron jauregian, Arrasaten.
  • 9:50 | Udalako San Esteban elizpean.

Besaideko ekitaldi nagusia 11:00etan hasiko da, honako egitarauarekin:

  • Agurra.
  • Oroimen ekitaldi zibila.
  • EMF eta MEKNF-ko presidenteen hitzartea.

Goiz osoan zehar, janaria eta edaria eskainiko dituen txosna egongo da bertaratzen direnentzat.

Oroimena partekatzeko lekua

Besaideren oroimen-leku izaera 1953ko Mont Blanceko ezbeharrarekin lotuta dago. Bost mendizale hil ziren han, eta gertakari hark bultzatu zuen lehen monumentuaren eraikuntza. Ángel Sopeñaren, José Luis Sopelanaren eta lagun talde baten ekimenez, 1955ean inauguratu zuten.

Yoshin Ogata artista japoniarraren eskultura ere oroimen-gune horren parte da, Udalatx eta Anboto lekuko dituela. Haren lau zutabeek eta inguruko harriek mendiak, ibaiak eta bizitzaren zikloa irudikatzen dituzte.

Oroimen Eguna bertaratu nahi duen ororentzat irekia da: falta direnak gogoratzeko eta mendizaleen arteko lotura partekatzeko hitzordua.

Similar Posts