Euskal Herriko Zailtasun Txapelketaren lehen edizioa larunbat honetan jokatuko da Climbat Barakaldo zentroan

Larunbat honetan, uztailaren 4an, Climbat Barakaldo eskalada zentroak Euskal Herriko Zailtasun Txapelketaren I. edizioa hartuko du. Euskal eskaladarentzat mugarri izango den hitzordu honetan 65 eskalatzaile baino gehiago bilduko dira, Euskal Herriko zailtasuneko txapeldun berriak nor izango diren erabakitzeko.

Txapelketa Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarraren lankidetza-hitzarmenaren baitan antolatu dute Euskal Mendizale Federazioak eta Nafarroako Mendizale Federazioak, Climbat Centers Barakaldoren laguntzarekin.

Goizeko 09:00etan hasiko da lehiaketa sailkapen fasearekin. Eskalatzaileek lau bide puntuagarri gainditu beharko dituzte finalerako sailkatzeko. Arratsaldeko 17:00etan jokatuko dira finalak, eta kategoria bakoitzeko sei onenek “a vista” formatuko bide bakarra eskalatuko dute txapela eskuratzeko.

Txapelketan U19 eta absolutu mailako eskalatzaileek batera lehiatuko dute. Ondoren, bi sailkapen egingo dira: bata absolutu mailakoa, parte-hartzaile guztiekin, eta bestea U19 kategoriakoa. Absolutu mailan, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan, txapela lortzeko lehia inoiz baino irekiagoa izango da. Azken denboraldian erakutsitako maila ikusita, hainbat eskalatzaile dira podiumera igotzeko hautagai nagusiak, eta, ondorioz, txapelketa oso lehiatua izatea espero da.

Lehiaketaren garapenean, sailkapen fasean parte-hartzaileek elkarri aseguramendua emango diote. Hala ere, bikoterik ez duten eskalatzaileek antolakuntzak jarritako aseguratzaileen laguntza izango dute. Bestalde, adingabe guztiek kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta antolakuntzak kaskoak jarriko ditu eskuragarri behar dutenentzat.

Sari banaketa 21:10ean izango da, finalak amaitu ondoren.

Lehiaketaren ordutegia

  •  08:00 – Dortsalen banaketa.
  • 08:50 – Bilera teknikoa.
  • 09:00 – Sailkapen fasearen hasiera.
  • 14:00 – Sailkapen fasearen amaiera.
  • 15:30 – Isolamendu gunearen itxiera (kategoriaren arabera).
  • 17:00 – Finalen hasiera.
  • 21:00 – Finalen amaiera.
  • 21:10 – Sari banaketa.
  • 21:30 – Txapelketaren amaiera.

Similar Posts