Askatasunaren bila abiatu zirenen bideak egitea. Meatzari belaunaldien lanleku eta bizileku izan ziren mendiak ezagutzea. Antzinako komunitateen memoria gordetzen duten harrietara hurbiltzea, eta historia kantuen eta kontakizunen bidez bizirik mantentzen duten herriak ezagutzea.
Abian da ZAZPI, 2027an eta 2028an Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatzeko zazpi mendi ibilaldiko zikloa. Herria oinez ezagutzeko gonbidapena da, bertako paisaiek gordetzen dituzten istorioak aurkitzeko eta esperientzia hori mendizale komunitatearekin partekatzeko.
Proiektua Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarrak, Euskal Mendizale Federazioak eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioak bultzatu dute, Euskal Herriko erakunde eta mendizale elkarteen laguntzarekin.
ZAZPIk Ezkabatik ihes egin zuten presoen aztarnei jarraitzea proposatzen du, baita okupazio naziaren garaian hegazkinlari aliatuei muga zeharkatzen lagundu zieten pertsonen elkartasuna gogora ekartzea ere. Halaber, Meatzaldeko langileen bizimodua eta aldarrikapenak ezagutzeko, Arritzagako kobre-meategiak eta iragan glaziarra aurkitzeko, Arabako mendebaldeko muturreko ondarea ezagutzeko, Ilarritako hilobi-monumentuetara hurbiltzeko eta Xiberoako bide, kantu eta memorian murgiltzeko gonbidapena egiten du.
Zazpi lurralde. Bide partekatu bat
Herria mendiaren bidez ezagutzea
Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Nafarroak, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak ibilbide bana izango dute, mendizaletasuna lurralde bakoitzeko ondare historiko, kultural eta naturalaren ezagutzarekin uztartzeko.
Proposamena mendizale federatu gazte eta helduei zuzenduta dago, eta mendian maiz ibiltzea, ahalegina eta laguntasuna sustatzea du helburu. Bi urtean zehar, ibilaldi bakoitzak leku bat ezagutzeko, bertako historia ulertzeko eta Euskal Herrian mendizaletasuna bizirik mantentzen duten pertsonekin eta elkarteekin elkartzeko aukera eskainiko du.
Aurreikusitako ibilbideek 21 eta 29 kilometro artean dituzte, gutxi gorabehera, eta desnibelak direla eta, jarduera bakoitzari egokitutako prestakuntza fisikoa eta esperientzia behar dira.
Zazpi proposamenetatik lau berariaz diseinatu dira ZAZPIrako: Meatzaldea, Zalagaine + Bosmendieta, Ilarritako harrespilak eta Arritzaga. Horiekin batera, dagoeneko beren ibilbidea duten beste hiru mendi ibilaldi daude: La Fuga Mendi Martxa, Valderejoko Mendi Ibilaldia eta Comète Sarea oroitzeko ibilaldia. ZAZPIk ekimen horiek proiektu partekatu batean biltzen ditu, zazpi lurraldeak bertako mendien eta ondarearen bidez lotzeko.
ZAZPI osatzea: egindako bidearen aitortza
2027an hiru ibilaldi egingo dira, eta 2028an beste lau. Lehen edizio honetako bi urteetan zazpi ibilbideak osatzen dituzten mendizale federatuek finalista izaera lortuko dute, betiere ZAZPIren araudia eta antolakuntzak ezarritako baliozkotze-irizpideak betez.
Aitortza 2028ko Mendizaletasunaren Galan gauzatuko da: bertan, zikloko zazpi ibilaldiak osatu izana egiaztatuko duten garaikurra eta intsignia jasoko dituzte. Haien lorpena federazioaren urtekarian ere jasoko da.
Ibilaldi bakoitza baliozkotzeko, egindako ibilbidea grabatu beharko da, Wikiloc edo Strava bezalako aplikazioen bidez, eta jardunaldi bakoitzaren helmugan erakutsi, antolakuntzak egiazta dezan. Grabatutako ibilbideak ZAZPIk proposatutakoarekin bat etorri beharko du.
Erreferentziako ibilbideak EMFren Wikiloc profilean egongo dira eskuragarri.
Zazpi ibilaldiak, begirada batean
Nafarroa · La Fuga Mendi Martxa
2027ko maiatzaren 15a · 28,34 km · 830 m-ko desnibel positiboa
La Fuga Kirola eta Oroimena Mendi Taldeak antolatutako ibilaldi honek bizirik mantentzen du 1938ko maiatzaren 22an San Kristobal gotorlekutik ihes egin zuten presoen memoria. ZAZPIrako proposatutako ibilbideak Ezkaba, Olabe eta Saigots lotzen ditu GR 225 bidez, askatasunaren bila egindako bideetan oinarritutako bidezidorra jarraituz. Jarduerak Nafarroako memoria historikoaren funtsezko gertakari bat ezagutzeko eta haren protagonistak gogora ekartzeko aukera eskaintzen du. Nahi dutenek Urepeleraino jarraitu ahal izango dute, martxaren 54 kilometro inguruko ibilbide osoa egiteko.
Bizkaia · Meatzaldea: «Burdinaren Kalifornia»
2027ko ekainaren 13a · 24,84 km · 974 m-ko desnibel positiboa
Arroletza Mendi Taldeak eta Enkarterriak Mendizale Elkarteak ibilbide zirkular bat proposatzen dute, burdinaren erauzketak sakon eraldatutako paisaian barrena. Zugaztieta inguruko meatze zaharrek eta meatzaritzaren aztarnek mendi hauetara lanera etorri zirenen historia, bizi-baldintzak eta aldarrikapenak ezagutzeko aukera ematen dute. Langileen memorian eta Euskal Herriko industria-garapena markatu zuten paisaietako batean barrena egindako ibilaldia.
Zuberoa · Zalagaine + Bosmendieta: «Basabürüa, Xiberoko bihotza»
2027ko irailaren 25a · 21,91 km · 1.275 m-ko desnibel positiboa
Orhimendi Taldearen proposamena Ligitik abiatzen da, eta Xiberoako ikuspegi zabalak, goi-larreak eta Erbexeko basoa uztartzen ditu. Minerala burdinoletara eramateko erabiltzen ziren antzinako bideek herrien eta mendien arteko harremana ezagutzeko aukera ematen dute. Euskal kantagintzako kantu ezagunenetako batean gordetako Bereterretxeren memoriak eta inguruko elezaharrek hitzaren eta musikaren bidez ere bizirik dirauen ondarera hurbiltzen gaituzte.
Lapurdi · Comète Sarea: «Ihesaldi handia»
2028ko maiatza · 24,18 km · 1.332 m-ko desnibel positiboa
Xogori Mendi Taldeak elkartearen eskutik, ibilaldiak Bigarren Mundu Gerran hegazkinlari aliatuei Europa okupatutik irteten lagundu zien sare klandestinoa gogora ekartzen du. Bide horiek muga zeharkatzen laguntzeko bizitza arriskuan jarri zuten herritarren eta mugalarien historiara hurbiltzen gaituzte. Mendi hauei lotutako elkartasunaren, erresistentziaren eta elkar laguntzaren memoria ezagutzeko ibilaldia.
Nafarroa Beherea · Ilarritako harrespilak
2028ko ekaina · 21,20 km · 1.355 m-ko desnibel positiboa
Irati-Zaraitzu Kirol Taldeak Okabe inguruko Ilarritako hilobi-ondarea ezagutzea proposatzen du. Harrizko zirkuluek antzinako Pirinioetako komunitateen aztarnak eta haien hileta-ohiturak ezagutzeko aukera ematen dute. Ibilbideak ondare arkeologiko hori basoekin eta goi-larreekin lotzen du, pertsonen, artaldeen eta mendiaren arteko harremanak bizirik jarraitzen duen ingurunean.
Araba · Valderejoko itzulia: «Mila urteko harana»
2028ko urria · 23,14 km · 762 m-ko desnibel positiboa
Arabako Foru Aldundiak, Valderejoko Parke Naturalak eta Gorostidi Mendi Taldeak antolatutako ibilaldi honek Arabako mendebaldeko muturra ezagutzeko gonbidapena egiten du. Bertako harkaitz-malkarrek, basoek eta Puron ibaiko paisaiek gizakiaren aspaldiko presentziaren aztarnak gordetzen dituzte: monumentu megalitikoak, baselizak, elizak, labore-sailak eta belardiak. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren memoria ondare natural eta kulturalean gordetzen duen harana ezagutzeko ibilaldia.
Gipuzkoa · Arritzaga: «Izotz-aztarnak Aralarren bihotzean»
2028ko urria · 21,09 km · 1.323 m-ko desnibel positiboa
Club Vasco de Camping —CVC— elkarteak Amezketatik abiatzen den ibilaldi bat proposatzen du, haran berean bat egiten duten bi historia ezagutzeko. Erliebearen formek antzinako glaziar baten aztarnak gordetzen dituzte; Buruntzuzingo kobre-meategiek, berriz, mendian mendeetan egindako lana gogorarazten dute. Bideek, meatze-aztarnek eta artzaintza-paisaiek naturak eta giza jarduerak Aralarko txoko hau nola moldatu duten ulertzeko aukera ematen dute.
2028ko ibilaldien egun zehatzak baieztatu ahala jakinaraziko dira
Parte-hartzea, izen-ematea eta antolakuntza
ZAZPI mendizale federatuei zuzenduta dago. Parte hartzeko, zikloaren araudia eta erakunde antolatzaile bakoitzaren baldintzak bete beharko dira.
Ibilaldi bakoitzaren aurretik argitaratuko dira izena emateko baldintzak, prezioak, parte-hartzaileen gehieneko kopurua eta epeak, baita ibilbidearen xehetasunak, ordutegiak, beharrezko materiala eta aurreikusitako zerbitzuak ere.
Finalista aitortza lortzeko, zazpi ibilaldiak 2027an eta 2028an osatu beharko dira, egindako ibilbideak baliozkotu eta antolakuntzak ezarritako kontrolak eta arauak bete.
Segurtasuna
Parte-hartzaile bakoitzak ibilbidearen ezaugarriei egokitutako prestakuntza fisikoa, esperientzia eta materiala izan beharko ditu, eta antolakuntzaren jarraibideak bete beharko ditu.
Federazio-lizentzia eta jarduera nahiz hura egingo den lurraldea estaltzen dituen asegurua izan beharko dira. Frantziako Estatuan egingo diren ibilaldietan, nahitaezkoa izango da Pirinioetako estaldura edo ibilbide horiek barne hartzen dituen estaldura zabalagoa izatea.
Kontrolei, ibilaldian zehar eskainiko den laguntzari, anoa-puntuei eta segurtasun-neurriei buruzko informazio zehatza ibilaldi bakoitzaren deialdian emango da.
IBILALDIEN XEHETASUNAK IKUSGAI, EGITASMO HONETARAKO SORTU DUGUN ATALEAN: https://emf.eus/eu/zazpi/

