Euskal Selekzioak oso balantze positiboarekin amaitu du Caceresen jokatutako Espainiako Eskaladako Supertxapelketa. Bost egunez, FEDMEk antolatutako hitzorduak Zailtasuneko, Boulderreko, Abiadurako eta Paraeskaladako lehiaketak bildu ditu. Gainera, lehen bi modalitateetan, 2026ko Espainiako Kopei amaiera eman dien azken proba ere izan da.
Emaitzek hainbat titulu eta podium utzi dizkiote Euskal Mendizale Federazioaren selekzioari, baina baita talde-lan bikaina ere gazte mailetan. Bereziki aipagarriak izan dira U15 gizonezkoen taldea eta U17 emakumezko eskalatzaileak.
Inés Allende, U19ko txapeldun eta absolutuko txapeldunorde Zailtasunean
Inés Allendek denboraldi amaierara sasoi bikainean iritsi dela erakutsi du berriro Caceresen. Gasteizko eskalatzailea Espainiako U19ko txapeldun izan da Zailtasunean, eta, horrez gain, zilarrezko domina eskuratu du maila absolutuan, Iziar Martínezen aurkako final estu baten ondoren.
Allendek, horrela, denboraldi bikaina biribildu du modalitate honetan. Cacereskoa Kopako azken proba puntuagarria izanik, emaitza horiek Espainiako Zailtasun Kopa irabazteko balio izan diote, bai maila absolutuan, bai U19an.
Maddi Agirre zortzigarren izan da Espainiako Txapelketan, bai U19an, bai maila absolutuan. Kopako sailkapen nagusian, berriz, seigarren amaitu du U19an eta zazpigarren absolutuan.
Gazteenen artean, U15eko ordezkariak nabarmendu dira berriro. Markel Korta Espainiako txapeldunorde izan da Zailtasunean eta Iraultza Azkuek brontzezko domina eskuratu du; Lur Guenetxea laugarren izan da eta Asier Intxaurbe zazpigarren.
Denboraldi osoan erakutsitako erregulartasunari esker, gainera, Lur Guenetxea Espainiako U15 Zailtasun Kopako txapeldun izan da. Iraultza Azkuek hirugarren amaitu du Kopa, Markel Kortak laugarren eta Asier Intxaurbek hamaikagarren.
Udane Mugica, U19ko zilarra Boulderrean eta bigarren Kopa absolutuan
Lehiaketako beste izen nagusietako bat Udane Mugica izan da. Euskal Selekzioko eskalatzaileak zilarrezko domina lortu du Espainiako U19 Boulder Txapelketan, eta bosgarren izan da maila absolutuan.
Caceresen lortutako emaitzek amaiera bikaina eman diote Espainiako Boulder Kopan egindako ibilbideari: Udane U19ko Kopako txapeldun izan da eta txapeldunorde maila absolutuan.
Inés Allende ere bi finaletan izan da: zazpigarren amaitu du U19an eta zortzigarren maila absolutuan. Kopako behin betiko sailkapenean, laugarren izan da U19an eta hamabigarren absolutuan.
Euskal Selekzioak U15eko Boulderreko podium osoa bereganatu du
Txapelketako irudi nabarmenetako bat U15 gizonezkoen Boulderreko finalean iritsi da, podiumeko hiru postuak Euskal Selekzioko eskalatzaileek bete baitituzte.
Asier Intxaurbe Espainiako txapeldun izan da, Markel Kortak zilarra lortu du eta Iraultza Azkuek brontzea. Emaitza horrek belaunaldi gazte honen bilakaera bikaina berresten du, Boulderrean zein Zailtasunean maila handiko emaitzak lortzen ari baita.
Kopako azken sailkapenak ere ibilbide hori berretsi du: Markel Korta Espainiako U15 Boulder Kopako txapeldun izan da eta Asier Intxaurbek bigarren amaitu du, Iraultza Azkue zazpigarren izan den bitartean.
U17ko nesken lan ona
U17 emakumezkoen parte-hartzeak ere emaitza onak eta Euskal Selekzioaren presentzia nabarmena utzi ditu, bereziki Boulderrean.
Espainiako Txapelketan, Elene Otermin bosgarren izan da, Emma Hernández seigarren eta Sofía Hernández zazpigarren. Espainiako Kopako azken sailkapenean, berriz, Elenek bosgarren postua eskuratu du eta Sofíak seigarrena.
Zailtasunean, Elene bederatzigarren izan da Espainiako Txapelketan, eta zazpigarren amaitu du Kopa.
Lier Pérez ere denboraldiko U17ko gazte onenen artean kokatu da Boulderrean, Espainiako Kopa seigarren postuanamaituta.
Caceresko hitzorduak, horrenbestez, amaiera eman dio estatuko hainbat hilabetetako lehiaketa-denboraldiari. EMFko ordezkariek tituluak, podiumak eta euren mailetako lehen postuen artean sailkapen ugari lortu dituzte.
2026ko Boulderko Espainiako Txapelketa
| Maila | Euskal Selekzioa |
|---|---|
| U15 E | Maddi Mendiburu 17ª · Olaia Sagasti 19ª · Iraide García 26ª |
| U15 G | Asier Intxaurbe 1º · Markel Korta 2º · Iraultza Azkue 3º · Lur Guenetxea 17º |
| U17 E | Elene Otermin 5ª · Emma Hernández 6ª · Sofía Hernández 7ª · Libe Fernández 26ª |
| U17 G | Lier Pérez 8º |
| U19 E | Udane Mugica 2ª · Inés Allende 7ª · Libe Castillo 10ª · Maddi Agirre 11ª · Nikole Bitorika 11ª |
| U19 G | Ander Beitia 9º · Aiert Mendizabal 26º · Haritz Urkiola 27º |
| Absoluta E | Udane Mugica 5ª · Inés Allende 8ª · Elur Arteaga 13ª · Ainhoa Uskola 13ª |
2026ko Boulderko Espainiako Kopa
| Maila | Euskal Selekzioa |
|---|---|
| U15 E | Maddi Mendiburu 18ª · Olaia Sagasti 29ª · Iraide García 33ª |
| U15 G | Markel Korta 1º · Asier Intxaurbe 2º · Iraultza Azkue 7º · Lur Guenetxea 20º |
| U17 E | Elene Otermin 5ª · Sofía Hernández 6ª · Emma Hernández 15ª · Libe Fernández 26ª · Aino 38ª |
| U17 G | Lier Pérez 6º · Eñaut Uson 11º |
| U19 E | Udane Mugica 1ª · Inés Allende 4ª · Libe Castillo 6ª · Maddi Agirre 15ª · Nikole Bitorika 27ª |
| U19 G | Ander Beitia 12º · Haritz Urkiola 24º · Aiert Mendizabal 32º |
| Absoluta E | Udane Mugica 2ª · Elur Arteaga 10ª · Inés Allende 12ª · Ainhoa Uskola 21ª |
| Absoluta G | Andoni Esparta* 15º · Asier Antúnez* 28º |
* Parte-hartze bakarra
2026ko Zailtasuneko Espainiako Txapelketa
| Maila | Euskal Selekzioa |
|---|---|
| U15 E | Maddi Mendiburu 13ª · Iraide García 31ª |
| U15 G | Markel Korta 2º · Iraultza Azkue 3º · Lur Guenetxea 4º · Asier Intxaurbe 7º |
| U17 E | Elene Otermin 9ª · Sofía Hernández 11ª · Libe Fernández 14ª |
| U17 G | Lier Pérez 19º |
| U19 E | Inés Allende 1ª · Maddi Agirre 8ª |
| U19 G | Haritz Urkiola 15º · Ander Beitia 17º · Aiert Mendizabal 20º |
| Absoluta E | Inés Allende 2ª · Maddi Agirre 8ª · Elur Arteaga 12ª · Ainhoa Uskola 14ª |
2026ko Zailtasuneko Espainiako Kopa
| Maila | Euskal Selekzioa |
|---|---|
| U15 E | Maddi Mendiburu 12ª · Iraide García 37ª |
| U15 G | Lur Guenetxea 1º · Iraultza Azkue 3º · Markel Korta 4º · Asier Intxaurbe 11º |
| U17 E | Elene Otermin 7ª · Sofía Hernández 22ª · Libe Fernández 24ª |
| U17 G | Lier Pérez 18º |
| U19 E | Inés Allende 1ª · Maddi Agirre 6ª |
| U19 G | Ander Beitia 15º · Haritz Urkiola 16º · Aiert Mendizabal 21º · Gorka Gardeazabal 27º |
| Absoluta E | Inés Allende 1ª · Maddi Agirre 7ª · Elur Arteaga 9ª · Ainhoa Uskola 14ª |
| Absoluta G | Mikel Liancisoro* 10º |
* Parte-hartze bakarra
Argazkiak: FEDME
