Euskal Selekzioak berriro ere maila altua erakutsi zuen larunbat honetan Gorges du Tarn Skyrace-n, 25 kilometroko eta 1.900 metroko desnibel positiboko proban, 2025eko Merrell Skyrunner World Series-aren parte dena.
Selekzioak sei ordezkari eraman zituen Frantziako erronka gogor honetara — lau kategorian absolutuan eta bi sub-23 kategorian —, egun heze eta bero batean, eta lur tekniko batean, arroiletan eta bide estuetan zehar.
Zirkuitua, altuera handiak ez zituen arren, tarte zail eta oso fisikoak izan zituen, parte-hartzaileentzat erronka handia izan zen, bereziki Tarneko arroilako mikroklimak eragindako bero-sentsazioagatik. Irteera 10:00etan eman zen, eta tenperatura handia egon ez harren, hezetasunak paper erabakigarria jokatu zuen.
Gizonezko kategorian, Paul Ormaetxeak lasterketa konstantea egin zuen, hasieratik aurrean egon zen eta amaieran 8. postua lortu zuen. Hodei Samaniegok ere aurreko taldean mantendu zen eta 9. postuan amaitu zuen.
Sub-23 kategorian, Ibai Angulok nabarmentzeko debuta egin zuen, selekzioarekin bere nazioarteko lehen esperientzia bizi eta 20. postuan bukatu zuen sailkapen orokorrean eta 10. postuan sub-23etan, lasterketa sendoa eta sentipen onekin osatuz.
Emakumezkoen kategorian, Ainara Alcuaz Espainiako Txapelketan jasandako lesioaren ostean berriro lehiatu zen. Belaunaren egoerak eta beroak eragindako ahultasun momentuak izan arren, 7. postu nabarmena lortu zuen. Oihana Zubillagak ere dena eman zuen, baina ahalegina eta beroak azken igoeran eragina izan zuten, postu batzuk galduz eta 9. postuan amaituz.
Eguneko poza handienetako bat Nerea Urteagak ekarri zuen, maila honetako lasterketa batean ere debuta egin baitzuen. Irteera kontserbatzailea egin eta gero, posizioak adimenez eta indarrez igoz, emakumezko absolutuaren top 10ean sartu zen (8.), baita 3. postuan sub-23etan ere.
Emaitzetatik harago, esperientzia oso aberasgarria izan da kirolarientzat, batez ere zirkuitu nazioarteko honetan lehen aldiz lehiatu zirenentzat. Gorges du Tarn lasterketa egutegiko hamaikagarren proba izan da, eta denetan parte hartu ez arren, aukera bikaina izan da maila neurtzeko nazioarteko eszenatoki nagusi batean.
Eguneko irabazle absolutuak Patricia Pineda eta Luca Pero izan ziren, Skymastersera bidean garaipen berri bat gehituz.
