Abenduaren 1etik 31ra, Euskal Mendizale Federaziotik proposamen bat egin nahi dizuegu. Eraman ikurrina mendira zoaztenean, eta partekatu tontorrean ateratako argazkia EMF Mendiak aplikazioan. Horrela bat egingo dugu Iribarrek eta Kortabarriak Atotxan egindako keinuaren 50. urteurrenarekin.
1976ko abenduaren 5ean, Realaren eta Athleticen arteko derbia hasi aurretik, José Ángel Iribar eta Inaxio Kortabarria elkarrekin atera ziren Atotxako zelaira, ikurrina eskuetan. Garai hartan ikurrina debekatuta zegoen oraindik, eta keinu hura askatasunen eta euskal nortasunaren aldarrikapenaren ikur bihurtu zen.
Berrogeita hamar urte geroago, Gure Eskuk eta Gu Ere Baik Euskal Herriko kirolariak eta elkarteak gonbidatu dituzte une hura gogoratzera abenduaren 11n, 12an eta 13an. EMFtik gehien gustatzen zaiguna eginez batu nahi dugu ekimenera, mendira joanez. Eta aukera hau baliatu nahi dugu ikurrina gailurretara eramateak ondorio larriak zituen garaian hara eraman zutenak gogoratzeko.
Nola parte har dezakezue?
Abenduko edozein irteeratan, atera argazki bat ikurrinarekin tontorrean, eta igo EMF Mendiak aplikaziora, bertan agertzen diren gailurretako edozeinetako igoera erregistratzean.
- Federatuta egon zein ez, parte har dezakezue, profil publikoarekin edo pribatuarekin.
- Nahi adina argazki igo ditzakezue, gailur berekoak edo hainbat gailurretakoak.
- Profil publikoetako argazkiak aplikazioko azken igoeren galerian eta www.mendiak.eus webguneko galeria batean ikusi ahal izango dira.
- Ikurrinarekin igotzen duzuen argazki bakoitzak zozketan parte hartzeko aukera bat emango dizue. Gure federazioari Gu Ere Baik eta Mendiak-CodeSyntax taldeak emandako hainbat opari zozkatuko ditugu. Sare sozialetan emango dizuegu oparien berri.
- Profil pribatua baduzue, zuen argazki bakoitzak ere balioko du zozketarako. Argazki horiek galeria publikotik kanpo geratuko dira.
Urbiatik Everestera
Diktadura frankistan, mendia elkargune izan zen jende askorentzat. Han elkartu, euskaraz hitz egin eta beren kultura partekatzeko aukera zuten. Garai hartan, ikurrina haizatzea askatasunak aldarrikatzeko modu bat ere bazen.
1965eko urriaren 3an, 3.000 mendizaletik gora bildu ziren Urbiako zelaietan, Aizkorriko mendigunean, Guardia Zibilak inguru hartan zabaldutako zaintza gorabehera. Inguruko errepideetako seinaleak ikurrinez estalita agertu ziren, eta bilkuran ere ikurrina haizatu zuten. Urbiako bilkura gure federazioaren historiaren parte da.
Bi urte geroago, Euskal Herriko eta Nafarroako Mendizale Federazioak Peruko Cordillera Blancara antolatutako espedizioan gertatu zen beste pasarte esanguratsu bat. Pedro «Pedrotxo» Otegik bultzatu zuen espedizioa, eta Juan Ignacio Lorentek, Ángel Landak, Ángel Rosenek, Luis Mari Sáenz de Olazagoitiak, Paco Lusarreta, Rodolfo Kirchek eta Juan Mari Feliuk osatu zuten taldea.
Espedizioko kideak itzuli zirenean, bidaian ikurrina erakutsi zutela salatu zuten. Salaketaren ondoren, galdeketak, atxiloketak eta zigorrak etorri ziren. Federazioko zuzendaritzak dimisioa eman zuen, ehunka mendizalek federazio-txartela itzuli zuten, eta Pyrenaica aldizkaria bost urtez argitaratu gabe geratu zen. Gertatutakoak mendizale elkarteei eta federazioari eragin zien.
Atotxako urteurrenaren harira, mendian ikurrinari eutsi ziotenak aitortu nahi ditugu, eta gaur egungo mendizaleak haien oroitzapena partekatzera gonbidatu.
Erronkaren irudia, ikurrina Everesten
Demokrazia garaian ere, ikurrina euskal mendizaletasunaren historiako une gogoangarri baten protagonista izan zen. 1980ko maiatzaren 14an, Martín Zabaletak eta Pasang Tembak Everesteko gailurra jo zuten, Juan Ignacio Lorentek zuzendutako euskal espedizioko kide gisa.
Gailurrean, Zabaletak argazkia atera zion Tembari, ikurrina eskuetan zuela. Argazki hura euskal mendizaletasunaren irudi ezagunenetako bat bihurtu zen. Gailurrera iristea espedizio osoaren lanaren emaitza izan zen, eta aurreko belaunaldiek zabaldutako bideari jarraipena eman zion, 1967an Andeetara joandako mendizaleek egindakoari, besteak beste.
Argazki hartan oinarritu dugu «Ikurrina Mendietan» erronkaren irudia. Ilustrazioan, mendizale bat ageri da tontorrean, ikurrina eskuetan. Irudi hori erabiliko dugu erronka zabaltzeko, Everesteko argazkiaren oroitzapena zuek partekatuko dituzuen argazkiekin lotzeko.
Abendu honetan, eraman ikurrina mendira eta partekatu zuen argazkia EMF Mendiak aplikazioan!
