Igande honetan, azaroaren 23an, 100 Mendietako Anaidiak bere urteko topaketa ospatu du Arraten (Eibar), eta 130 mendizale baino gehiago bildu dira bertan, mendizaletasun giroan, jai kutsuarekin eta aitorpen kolektibo batez inguraturik.
Jardunaldia goizeko 9:00etan hasi zen Arrateko Amaren Santutegiaren ondoko gunean, eta handik Kalamua/Maaxa (770 m) mendira igo dira parte-hartzaileak, Euskal Herriko Gailurren Katalogoan jasotako tontorretako bat.
Azken egunetako eguraldi baldintzak zirela eta, mendizaletasun jarduera hasieran aurreikusitakoa baino ibilbide laburragoan antolatu da. Eibarko Klub Deportiboaren lanari esker –antolakuntzan laguntzaile izan den kluba–, bi ibilbide egokitu eskaini dira: luze bat eta labur bat, biak Arraten hasi eta bukatzen zirenak.
Eguerdiko 12:30ak aldera, eguna borobiltzeko, ekitaldi nagusia egin zen: EMF-k aitortutako ehunmendiko bat osatu duten mendizaleei diplomak banatu zitzaizkien. Guztira, 112 mendizale izan dira aurten aintzatetsitakoak:
- 53 lagunek lehen aldiz Ehun Mendien Lehiaketa osatu dute, Ainaidiaren parte bihurtuz,
- eta beste 59 mendizalek “ehunmendiko berri bat” lortu dute.
Horietatik 67 lagunek parte hartu dute gaurko ekitaldian: 40 lagun bere lehen ehunmendikoagatik, eta beste 27 bigarren, hirugarren… bat osatzeagatik.
Diplomaz gain, oroigarri bana jaso dite parte-hartzaileek, aurrez aurre parte hartzen duten mendizaleei soilik banatzen zaiena, ohiko moduan.
Topaketari pintxopote batekin eman zaio amaiera, esperientziak partekatzeko eta mendizale komunitatea sendotzeko giro atseginean.
EMF-tik eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Eibarko Klub Deportiboari, antolakuntzan egindako lanagatik eta erakutsitako lankidetzagatik, 100 Mendietako Anaidiaren Eguna antolatzeko ezinbesteko laguntza izan baita.
Ehun Mendien Lehiaketa Euskal Herriko Gailurren Katalogoan jasotako ehun mendi ezberdin igotzean datza, EMF-FVMren batzar orokorrak onartutako araudia jarraituz. Gaur egun, Anaidetza 4.939 mendizalek osatzen dute eta 7.591 ibilbide-erregistro pilatu dira guztira.
IBILALDIAREN BIDEOLABURPENA
@euskalmendizaleak 💯⛰️100 Mendietako Anaidiak bere urteroko egun nagusia ospatu du Arraten (Eibar). Ekitaldian 130 mendizale baino gehiago bildu gara. Jardunaldia goizeko 9:00etan hasi da, Arrateko Amaren Santutegiaren ondoan, eta handik abiatu gara Kalamua/Maaxa (770 m) gailurrera. Bideo honetan ibilaldiaren bideolaburpentxo bat 🙂 #MendiaDaGureAukera #mendi #eibar #euskalherria #gipuzkoa ♬ sonido original – EuskalMendizaleak

