Euskal Mendizaletasunaren XXIX. Gala

Euskal Mendizaletasunaren XXIX. Gala datorren URRIAREN 17an ospatuko da, 18:30ean, Aldapeta Maria Ikastetxeko auditorioan, Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatuta (helbidea: Aldapeta Galtzada, 17, Estella Lizarra, 2, Donostia). Sarrera librea da lekuak bete arte.

Ekitaldia Ainhoa Urretabizkaiak aurkeztuko du, eta Thierry Biscary arduratuko da musika ukitua jartzeaz. Galan zehar Euskal Mendizaletasunaren sari nagusiak banatuko dira, urteko une berezienetako bat bihurtzen dutenak:

Banatuko diren sariak:
•Andrés Espinosa – Euskal Mendizale 2025: urteko mendizaleari ematen zaion gure aitortzarik garrantzitsuena, bere balioengatik, gaurkotasunagatik edo mendizaletasunarekiko konpromisoagatik nabarmendu den pertsona bati zuzendua.
•Euskal Mendizaletasunaren Lagunak: mendiarekin eta EMFrekin harreman estua duten erakunde edo entitateei, haien sustapen lana eta laguntza eskertzeko.
•Loli López Goñi – Emakume Mendizaleak: mendizaletasunean emakumeek duten presentzia eta ekarpena aitortzen duen saria, ibilbide edo jardueragatik nabarmendutako emakumeei.
•Antxon Bandres – Urteko Jarduera Interesgarriena: urteko jarduera edo espedizio aipagarrienari ematen zaion saria, mendiko diziplina desberdinei lotuta egon ohi dena.
•Ibilbide Onenaren Saria: mendizaletasunaren alde egindako ibilbide luze eta esanguratsu bat saritzeko.

Ondoren, Pyrenaica Aldizkariaren urteroko sari tradizionalen banaketa egingo da: argazki onenei, artikulu onenei eta blogean bisita gehien izan dituen sarrerei

Gala amaitzeko, CVCEPHOTO nazioarteko argazki-lehiaketaren sari-banaketa izango da. Lehiaketa hau Club Vasco de Camping Elkarteak antolatzen du, eta aurten bere 11. ediziora iritsi da.

Afaltzera geratuko zara? Edizio honetako AFARIA koktel-formatukoa izango da, eta TABERNA KANTINAn egingo da, galaren lekutik 5 minutura oinez (Arroka Kalea, 2)

Afarian izena emateko, bete behean aurkituko duzun formularioa.

Similar Posts