Joan den Asteburuan Sobrescobio Redes Trail lasterketaren hamargarren urteurrena, ospatu zen, Asturiasko Redes Parke Naturalean, eta Merrell Skyrunner World Series zirkuituko Estatuko laugarren proba izan da. Nazioarteko egutegiko lasterketa entzutetsuenetako bat bihurtu den honek 32 kilometroko eta 2.100 metroko desnibel positiboko ibilbidea eskaini zuen, tarte teknikoak, igoera gogorrak eta abiadura handiko eremuak uztartuz, korrikalari bakoitzarengandik ahalik eta gehiena eskatuz.
Euskal Selekzioak maila handiko erantzuna eman zuen, sendotasuna eta goi mailan lehiatzeko gaitasuna erakutsiz.
Emakumezkoen blokearen jarduna oso nabarmena izan zen berriro ere. Ainara Alcuazek podiuma gertu izan zuen, laugarren postuan amaituta, eta lasterketa osoan zehar onenen artean mantendu zen. Malaisiako Txapelketan parte hartu ondoren pilatutako nekea gorabehera, indarrak ondo kudeatu zituen eguna oso zorrotza izan arren.
Ainara Garikanok eguneko berreskurapen handienetako bat egin zuen, 20. kilometroan hamargarren joanda helmugan seigarren postuan sartuz. Halaber, Oihana Zubillaga (8.), Irune Vélez de Mendizabal (9.) eta Ainara Arkarazo (12.), oso gertu iritsi ziren, talde sendo baten erakustaldia eginez eta gure selekzioa berriro ere zirkuituko onenen artean kokatuz.
Gizonezkoen artean, Oier Zubeldia izan zen sailkapeneko onena, hamargarren postu oso meritutsuarekin gainera, eguneko irudietako bat utzi zuen, hanketako minengatik atzeraka helmugara sartu behar izan baitzuen. Paul Ormaetxeak ere lasterketa bikaina egin zuen, kilometro askotan lehen seiren artean joan zen, nahiz eta azken zatian nekea dela eta, hamabigarren amaitu zuen. Bestalde, Hodei Samaniegok hamabosgarren postua eskuratu zuen, lan sendo eta etengabearekin.
Igandean U23 kategoriaren txanda izan zen, zirkuitu berean, azken proba jokatuz. Bertan, Ainara Urteagak lasterketa bikaina egin zuen, zazpigarren postuan amaituz, eta Aner Zuloagak, hasiera indartsu baten ondoren, hemeretzigarren postua lortu zuen. Biek jardunaldi zorrotz batean maila handiko lana sinatu zuten.
Hala, gure selekzioak ordezkaritza zabala izango du Munduko Kopa honetako azken proban. Marató Del Dements, Skymaster lasterketan izango dira: Ainara Alcuaz, Oihana Zubillaga, Irune Velez de Mendizabal, Paul Ormaetxea, Hodei Samaniego eta Aitor Blanco. Halaber, Open kategorian parte hartuko dute: Ainara Arkarazo eta Ainhoa Garikano
