Andrés Espinosa Beka 2026: Cerro Torreko zeharkaldia egingo duen proiektua babestuko du EMFk

Euskal Mendizale Federazioak (EMF) 2026ko Andrés Espinosa Beka “Cerro Torreko zeharkaldia” proiektuari eman dio. Mikel Inoriza eta Ibon Mendik aurkeztutako proposamenak Patagoniako mendilerro ikusgarrienetako batean zeharkaldi osoa estilo alpinoan burutzea du helburu.

Andrés Espinosa Beka 40 urtetik beherako EMFko federatuentzat zuzendutako dirulaguntza da, alpinismoarekin eta jarduera alpinoaren diziplinekin lotutako proiektuak bultzatzeko sortua. Aurtengo deialdian, epaimahaiak bereziki baloratu ditu hautatutako proiektuaren kalitatea, originaltasuna eta maila teknikoa, baita mendizaletasunaren balioekin duen bat-etortzea ere.

Saritutako proiektuak Cerro Torreko mendiguneko lau orratzak jarduera bakarrean lotzea proposatzen du: Cerro Standhardt, Punta Herron, Torre Egger eta Cerro Torre. Ibilbideak 1.650 metro inguruko eskalada eskatzen du, izotzean, mistoan eta harkaitzean, eta estilo alpinoan egingo dute, hau da, soka finkorik gabe, kanpo-laguntzarik gabe eta beharrezko material guztia hasieratik amaierara eramanez.

Jarduera baldintza meteorologiko egokiak dituen egun gutxiko leiho baten baitan egin beharko da, eta munduko ingurune zorrotzenetako batean garatuko da; izan ere, Patagoniako eguraldi aldakorrak konpromiso maila handia gehitzen dio erronkari. Cerro Torreko zeharkaldia, gainera, nazioarteko alpinismoan lerro estetiko eta desiratuenetakoa da, eta oso gutxitan osatu da historian zehar.

Beka honen bidez, gure konpromisoa berresten dugu alpinismoaren baitan maila handiko proiektuak bultzatzeko, jardueraren funtsa errespetatzen duten ekimenak babestuz, non anbizioa, estiloa eta mendiarekiko errespetua uztartzen diren.

Sarrerako argazkia: Alex Proimos. Lizentzia CC BY-SA 2.0, bid. Wikimedia Commons

Similar Posts