Autoerreskatea eta segurtasun teknikak errepasatzen Mugarran

Joan den ekainaren 6an, larunbatean, taldeko hainbat kide Mugarrako kantera zaharrean elkartu ziren autoerreskateko eta segurtasuneko teknikak errepasatzeko jardunaldi praktiko batean. Saioan Adriana Gomez, Ibai Otaegi, Maddi Mujika eta Aitor Bilbao aritu ziren, eta teknikari lanetan Iñaki Garay eta Iban Silva izan ziren.

Jardunaldian zehar mendian eta eskaladan segurtasunez jarduteko funtsezkoak diren hainbat maniobra eta kontzeptu landu ziren. Besteak beste, egoera desberdinetan erabiltzen diren bilerak errepasatu ziren, baita bilera batean kargak nola aldatu eta maniobra batetik bestera modu seguruan nola igaro ere.

Halaber, bileratik bigarren eskalatzaileari laguntzak emateko teknikak praktikatu ziren, sokatik zintzilik egonda sokan gora igotzeko sistemak landu ziren, eta taldeak erabiltzen dituen segurtasun-materialen ezagutza sakondu zen.

Beste gai garrantzitsuetako bat egoera desberdinetarako rapel motak izan ziren, baita glaziar-erreskatearen oinarriak ere. Azken atal honetan, sokakide bat glaziarreko arrakala batera erori den egoera simulatu zen, eta hura bertatik ateratzeko maniobrak eta sistemak praktikatu ziren.

Saioa amaitzean, taldeak hurrengo Alpeetarako irteeraren inguruko planak partekatu eta aztertzeko aukera izan zuen.

Balorazioa oso positiboa izan zen. Beti bezala, taldea primeran aritu zen, sokaren erabileran trebezia handia erakutsiz eta landutako kontzeptu orokorrak ondo barneratuta dituela agerian utziz.

Oraingo honetan, Ixonek eta Anderrek ezin izan zuten parte hartu. Hala ere, Maddi Mujikak hainbat grabazio egin zituen saioan zehar, eta material hori bien esku jarriko da egindako lana jarraitu eta errepasatu ahal izan dezaten.

Similar Posts