Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarraren Batzorde Zientifikoak, Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeak eta Euskal Mendizale Federazioak osatua, mendizaletasunari buruzko lau hitzaldi dibulgatiboko zikloa antolatu du, otsailetik maiatzera bitartean Euskal Herriko hainbat herritan garatuko dena.
Zikloak mendia hainbat ikuspegitatik lantzea proposatzen du: egungo erronkak, etika kirolean, azterketa teknikoa eta gogoeta soziala, mendizaletasunaren praktika eta bilakaera testuinguru garaikidean sakonago ulertzeko helburuarekin.
Hitzaldi guztiek formatu irekia izango dute: aurkezlea eta hizlaria, ikus-entzunezko materialekin eta publikoarekin solasaldirako tartea. Saioak 19:00etan/19:30ean hasiko dira, eta bi ordutik bi ordu eta erdira bitarteko iraupena izango dute. Sarrera librea izango da, aretoa bete arte.
Zikloa otsailean hasiko da “Mendizaletasuna aldaketa betean dagoen mundu batean” izeneko hitzaldiarekin. Jerónimo López geologoak eskainiko du saioa, eta klima- eta ingurumen-aldaketek goi-mendiko inguruneetan eta alpinismoaren praktikan duten eragina aztertuko du. López Geologian doktorea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Asturiasko Printzea Saria jaso zuen, esploratzaile polarra da, eta Estatuko lehen alpinista izan zen zortzimilako bat igotzen: Manaslu (8.163 m), 1975ean.
Hitzaldia otsailaren 23an Galdakaon izango da, Torrezabal Kultur Aretoan, 19:00etan, eta otsailaren 24an Iruñean, Civivox Condestableko ekitaldi-aretoan, 19:30ean.
Martxoan, zikloak himalayismoa eta dopinga izango ditu hizpide. Kiko Betelu zainketa intentsiboetako medikuak gai hau ikuspegi mediko, etiko eta kirolarretik landuko du, altuera handiko espedizioetan substantzia jakin batzuen erabilerak sortzen dituen arriskuak, ondorioak eta eztabaidak aztertuz.
Apirilean, programak 1924tik 1980ra bitarteko emakumezko mendizaletasunaren ibilbidea jorratuko du, mendizaletasunaren bilakaera historikoa emakumeen figurarekin eta esperientziarekin lotuz. Ana Díez de Ure historialariak ikuspegi sozial eta kirolari batetik aztertuko du garai hori, emakumeek mendian jarduteko izan zituzten testuinguruak, praktikak eta espazioak kontuan hartuta, baita mendizaletasunaren sare elkartegile eta kulturalean egindako ekarpena ere.
Zikloa maiatzean amaituko da elur-jausien inguruko hitzaldi batekin, haien kausak eta ondorioak aztertuz, eta hurrengo neguko denboraldiari begira jarrita. Iván González Abadías elur-azterlariak ikuspegi tekniko eta prebentiboa eskainiko du, ezagutza zientifikoa eta mendiko segurtasunarekin lotutako aplikazio praktikoa uztartuz.
Hitzaldi ziklo honen bidez, euskal eta nafar federazioek, Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarraren bidez, dibulgazioaren, prestakuntzaren eta gogoeta kritikoaren aldeko apustua indartzen dute, mendizaletasunari buruzko ikuspegi anitzak publikoari hurbilduz, eta jarduera honen egungo zein etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko aukera eskainiz.

