49 pelikula BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko Sail Ofizialean eta Zabalandi sailean

49 pelikula proiektatuko dira aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldian. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikulak dira, guztiak produkzio berriak, gehienera jota 2 urte baino ez dituztenak.

226 pelikula inskribatu dira aurten Mendi Filmen, propio Bilbon parte hartzeko hautagaitza zuzena aurkeztuz. Sekula eman den kopuru handiena da, orain arteko 17 edizioetan oparoena.

Mendi Film nazioarteko jaialdi erreferentea dela berretsiz, hainbat herrialdetako ekoizpenak daude hautatuen artean: Espainia (15), Frantzia (11), Estatu Batuak (7), Italia (5), Austria (1), Erresuma Batua (1), Eslovenia (1), Kanada (1), Suitza (1) eta Norvegia  (1). Koprodukzioak ere dezente dira: EEBB-Belgika (1), EEBB-Kanada (1), Suitza-Italia (1), Suitza-Polonia (1), Txile-Argentina (1).

Euskal Herrian ekoiztu edo zuzendari euskaldunak dituzten pelikulak 11 dira. Euskal ekoizpenek gora egiten jarraitzen dute, bai kantitatean eta baita kalitatean ere.

Sail Ofiziala

Sail Ofizialean 40 pelikulek hartuko dute parte, palmareseko sarien lehian. Aurten 24.800 euro banatuko dira 12 saritan. Epaimahaia 5 kidek osatuko dute:

  • Michael Dillon, zinegile australiarra
  • Joni Cooper, Banff edota Doxa-Vancouver zine jaialdietako zuzendari izandako kanadarra
  • Oscar Gogorza, kazetari eta mendi gidari euskalduna
  • Toon Hezemans, Dutch Mountain Film Festivaleko zuzendari herbeheretarra
  • Haizea Huegun, musika konposatzaile euskalduna

Zabalandi

Zabalandi sailean, lehiaz kanpo, berriz, 9 pelikula aurkeztuko dira. Tartean, iaz Mendi Film Beka jaso zuen ‘Peligro. No asomarse’, aurtengo IAMF Sari Nagusia jaso duen Renan Ozturk zinegilearen ‘The Ghosts Above’, SOS Himalaya Fundazioak babestutako ‘Moving Himalayas’, edota Hasiera Ekitaldirako programatutako ‘Nuptse. L’Inaccessible absolu’.

Sarrera salmenta eta programazioa: azaroaren 11ean

Abenduaren 6tik 15era egingo da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia. Programazioa datorren astelehenean, azaroak 11, publikatuko da mendifilmfestival.com-en, eta sarrera salmenta egun horretan bertan aktibatuko da goizeko 10:00etan.

Jaialdiko emanaldiak Bilboko Euskalduna Jauregian eta Sala BBK-n egingo dira, eta sarrera salmentan deskontuak eskainiko dira egoitza bakoitzerako: 5etik 7 saiotara bitarteko sarrerak eskuratuz gero, %20ko deskontua, eta 8 saiotarako edo gehiagotarako sarrerak eskuratuz gero, %30eko deskontua.

Similar Posts