49 pelikula proiektatuko dira aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldian. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikulak dira, guztiak produkzio berriak, gehienera jota 2 urte baino ez dituztenak.
226 pelikula inskribatu dira aurten Mendi Filmen, propio Bilbon parte hartzeko hautagaitza zuzena aurkeztuz. Sekula eman den kopuru handiena da, orain arteko 17 edizioetan oparoena.
Mendi Film nazioarteko jaialdi erreferentea dela berretsiz, hainbat herrialdetako ekoizpenak daude hautatuen artean: Espainia (15), Frantzia (11), Estatu Batuak (7), Italia (5), Austria (1), Erresuma Batua (1), Eslovenia (1), Kanada (1), Suitza (1) eta Norvegia (1). Koprodukzioak ere dezente dira: EEBB-Belgika (1), EEBB-Kanada (1), Suitza-Italia (1), Suitza-Polonia (1), Txile-Argentina (1).
Euskal Herrian ekoiztu edo zuzendari euskaldunak dituzten pelikulak 11 dira. Euskal ekoizpenek gora egiten jarraitzen dute, bai kantitatean eta baita kalitatean ere.
Sail Ofiziala
Sail Ofizialean 40 pelikulek hartuko dute parte, palmareseko sarien lehian. Aurten 24.800 euro banatuko dira 12 saritan. Epaimahaia 5 kidek osatuko dute:
- Michael Dillon, zinegile australiarra
- Joni Cooper, Banff edota Doxa-Vancouver zine jaialdietako zuzendari izandako kanadarra
- Oscar Gogorza, kazetari eta mendi gidari euskalduna
- Toon Hezemans, Dutch Mountain Film Festivaleko zuzendari herbeheretarra
- Haizea Huegun, musika konposatzaile euskalduna
Zabalandi
Zabalandi sailean, lehiaz kanpo, berriz, 9 pelikula aurkeztuko dira. Tartean, iaz Mendi Film Beka jaso zuen ‘Peligro. No asomarse’, aurtengo IAMF Sari Nagusia jaso duen Renan Ozturk zinegilearen ‘The Ghosts Above’, SOS Himalaya Fundazioak babestutako ‘Moving Himalayas’, edota Hasiera Ekitaldirako programatutako ‘Nuptse. L’Inaccessible absolu’.