Zazpi lurraldeetako mendizaleak Euskal Herriko erdigune geografikoan elkartu dira aurten ere, Andimendin, mendiarekiko zaletasuna partekatzeko eta lurraldeen arteko harremanak sendotzeko. Aurtengo hitzorduak esanahi berezia izan du: berriki zendu den Juan Mari Feliu eta erdigunea kokatzeko kalkulua egin zuen Félix Isasa omendu dituzte.
Martxak Senosiaindik eta Irañetatik abiatu dira, eta bi ibilbideetako parte-hartzaileak Olibesarioko Saroian elkartu dira. Han, 1.266 metroko altueran, Euskal Herriko erdigune geografikoa adierazten duen monolitoak jatorri askotako mendizaleak bildu ditu berriro, euskal mendizaletasunarentzat erreferentziazko toki bihurtu den ingurunean.
Iratxo Elkarteak, Sakanako Mendizaleak, Altsasuko Mendigoizaleak eta Orhi Mendi Taldeak antolatu dute jardunaldia. Kluben lanari esker egin da topaketaren beste edizio hau. Mendi ibilaldiaz gain, esperientziak partekatzeko eta lurralde bakoitzean mendizaletasuna bizi eta sustatzen dutenen arteko harremanak estutzeko aukera eskaini du hitzorduak.
Ekitaldi nagusian, Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarraren izenean, Miren Eizmendi Nafarroako Mendi Federazioko presidenteak, Iratxe Osorok eta Robert Larrandaburuk hartu dute hitza. Topaketak agerian utzi du Hego Euskal Herriko lurraldeetako federazioen arteko lankidetza, bereziki Euskadiko eta Nafarroako federazioen artekoa, baita Iparraldeko eragileekin partekatutako lana ere.
Hitzorduak jarraipena ematen dio Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarrean elkarrekin egiten ari diren lanari, eta lankidetza hori mendian bertan gauzatzeko aukera eskaintzen du, zazpi lurraldeetako klub eta mendizaleen parte-hartzearekin. Elkarlan horren baitan, leku berezia izan dute aurten Feliuren oroimenak eta bi omenduei egindako aitortzak.
Juan Mari Feliu eta Félix Isasari aitortza
Juan Mari Feliuren ibilbidea eta ekarpena gogoan izan dituzte ekitaldian. Nafarroako Mendi Federazioko presidente izan zen 1985etik 1989ra eta 1998tik 2001era. Pirinioen bi aldeetako federazioen eta kluben arteko elkarlana bultzatu zuen, eta Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarreko kide ere izan zen.
Haren jarduera ugarien artean, 1967an Andeetara joandako euskal espedizioan parte hartu izana nabarmendu da. Espedizio hark ordura arte igo gabeko hiru gailur igo zituen Peruko Condor mendigunean. Feliuk, gainera, bizitzaren zati handi bat Nafarroako bideak berreskuratzen eta ezagutarazten eman zuen. FEDMEren bidezidor arloa zuzendu zuen 1992tik 2005era, Europako Ibiltarien Elkarteko presidenteorde izan zen, eta mendiko ia 50 liburu eta gida argitaratu zituen.
Félix Isasa ingeniariaren lana ere aitortu dute. Hark kokatu zuen Euskal Herriko erdigune geografikoa Olibesarioko Saroian, barizentroaren kontzeptuan oinarritutako kalkulu baten bidez. 2004az geroztik, monolito txiki batek seinalatzen du lurralde guztietako mendizaleen bilgune bihurtu den toki hori.
Bi omenduen aitortzarako oroigarriak banatu ondoren, taldeko argazkia egin dute. Jarraian, topaketak Irañetako bordan izan du segida.
Bertso saioa eta herri bazkaria Irañetako bordan
Bordan, pintxopoteaz eta Idoia Granizo eta Sahats Karasatorre bertsolarien saioaz gozatu dute parte-hartzaileek. Euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko argazkia ere egin dute, eta ondoren herri bazkariaren bueltan elkartu dira.
Ver esta publicación en Instagram
