Joan den urriaren 12an ospatu zen beste behin ere Euskal Herriaren erdigune geografikora egiten den mendi-ibilaldi sinbolikoa, Andia mendilerroan. Egun berezi honetan, lurralde guztietako mendizaleak batu ziren, mendiarekiko grina partekatzeko eta federazioen arteko elkarlana ospatzeko.
Ekimenaren antolatzaileak izan ziren Iratxo Elkartea, Sakanako Mendizaleak, Altsasuko Mendigoizaleak eta Orhi Mendi Taldea, eta Gu Ere Bai eta Gure Esku plataformen, Irañetako Udalaren eta Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarraren laguntza izan zuten.
Ibilaldia goizeko 8:45ean abiatu zen Senosiaindik, eta 9:30ak aldera batu zitzaizkien Irañetako bordatik irten ziren parte-hartzaileak. Tarteko helmuga Olibesarioko Saroian izan zen, Euskal Herriaren erdigune geografikoa adierazten duen 1266 metroko altueran dagoen monolitoaren ondoan. Ekitaldi nagusia 11:30ak pasata hasi zen.
Bertan hitza hartu zuten Gu Ere Bai eta Gure Esku plataformetako ordezkariek, baita Iratxe Osoro eta Miren Eizmendiere, Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarraren izenean. Une hunkigarria izan zen, mendizaleen batasuna eta bi federazioen arteko lankidetza aldarrikatzeko aproposa.
@euskalmendizaleakPiztu dezagun benetan gu geu garena! 🔴🤍⛰️ Eguna zoragarria izan da Erdiguneko ibilaldirako: eguraldi ederra, natura eta giro aparta Nafarroaren bihotzean.♬ Gu Geu Garena – En Tol Sarmiento & SÜNE
Taldeko argazkiak atera ondoren, parte-hartzaileak Irañetako bordara itzuli ziren, eta han pintxo-pote giroan ospakizunak jarraitu zuen, Idoia Granizo bertsolariaren eta Sahats Karasatorre bertsolariaren saioarekin.
Ondoren, Gu Ere Bai plataformak eskerrak eman zizkien Euskal Herriko bi federazioei, Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarra martxan jarri eta urtebete baino gehiagoko jarduera bateratua sustatzeagatik, federatibotasunaren espiritua Euskal Herri osoan zabaltzen lagunduz.
Jardunaldiari ohiko bazkariarekin eman zitzaion amaiera, elkartasunaren, mendizaletasunaren eta sinbolismoaren ospakizun bikaina borobiltzeko.
📷 Argazki-galeria Flickr-en: https://flic.kr/s/aHBqjCxt6X
