Euskal Mendizale Federazioak (EMF) beste urrats bat eman du digitalizazioaren eta federatuei zuzendutako zerbitzuak hobetzearen aldeko apustuan, EMF Mendiak aplikazioa Federazioaren aplikazio ofizial bihurtuta. Tresna hori izango da hemendik aurrera federazioaren ekosistemara sartzeko ate berria, eta Euskal Herriko gailur-igoeren erregistroa modernizatzeko funtsezko tresna.
EMF Mendiak ibilaldiak eta mendizaletasuna maite dituztenentzat diseinatutako aplikazioa da, eta 1.500 gailur baino gehiagori buruzko informazio praktikoa biltzen du, mapa interaktiboak ikusteko, igoerak erregistratzeko, estatistika pertsonalizatuak kontsultatzeko edo mendi-postontziak aurkitzeko aukera emanez. Esperientzia handiko mendizaleei zein familia giroan mendiaz gozatzen dutenei zuzenduta dago, eta euskaraz zein gaztelaniaz erabil daiteke.
Bultzada estrategikoa LABORAL Kutxaren laguntzarekin
Apparen ustiapen-eskubideak Codesyntax enpresa garatzaileari eskuratzeko akordioa LABORAL Kutxaren laguntzari esker gauzatu da. Lankidetza horren helburu nagusia da EMFri digitalizazio-prozesuan laguntzea eta federatuei zuzendutako zerbitzuak zabaltzen laguntzea.
LABORAL Kutxak mendizaletasun tradizionala, natura eta berrikuntza uztartzearen alde egindako apustuari esker, jauzi kualitatiboa eman da, eta mendizaleen komunitatearen eskura erabilgarritasun eta balio handiko tresna bat jarri da.
Tradiziotik digitalizaziora
Proiektu honen jatorria Ehun Mendien Lehiaketa historikoan dago, euskal mendizaletasunaren ekimen adierazgarrienetako batean. Gailur-igoeren erregistro-sistemak modernizatzeko beharraren aurrean, EMF duela hilabete batzuk hasi zen lanean prozesu horiek eguneratuko zituen eta, aldi berean, mendizaletasunaren praktika indartuko zuen irtenbide baten bila.
Helburu horrekin bat eginez, Mendiak bezalako aplikazio sendo eta errotu batekin indarrak batzea erabaki da, tresna fidagarri, irisgarri eta erabilera-ohitura berrietara egokitua eskaintzeko.
Sistema ofiziala, fidagarriagoa eta historiarekin konektatua
Hemendik aurrera, federatuek aplikazioaren bidez egindako igoeren erregistroek izaera ofiziala izango dute EMFk bultzatutako lehiaketetarako. Funtzionalitate guztiak erabiltzeko eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da federatu gisa saioa hastea.
Sistema berriak, gainera, mendiko postontzien tradizioarekin lotzen den elementu berritzaile bat gehitzen du: igoera bakoitza gailur berera igotzen den hurrengo mendizaleak baliozkotuko du. Mekanismo digital honek sinbolikoki berreskuratzen du postontzietan txartelak utzi eta jasotzeko keinu tradizionala, iraganaren eta orainaren arteko lotura indartuz.
Urteko epea amaitzean gailur bat baliozkotu gabe geratuko balitz, egiaztapen-sistema bat aktibatuko litzateke, eta bertan parte hartuko dute klub laguntzaileek eta, azken instantzian, Ehun Mendien Anaidiak egingo du egiaztepena.
Euskal Herri osora irekitako proiektua
EMFk lanean jarraitzen du Euskal Herri osoko mendizaleen parte-hartzea bermatzeko. Horretarako, sarbide-sistema espezifiko bat ezarriko da Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko federatuek ere mendi-lehiaketetan modu ofizialean parte hartu ahal izan dezaten, Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarrarekin elkarlanean.
Erronka berriak mendizaleen komunitatearentzat
Ehun Mendien Lehiaketaz gain, EMF aplikazioari lotutako ekimen berriak garatzen ari da. Horien artean dago etorkizuneko 600 Mendien Erronka, Euskal Herriko gailurren katalogo berrian oinarritua, eta, era berean, familia izaerako lehiaketa berri bat ere prestatzen ari da, behin-behinean Centenario Txiki izena izango duena. 14 urtetik beherako haurrei zuzendutako ekimen horrek zailtasun tekniko txikiko mendiak igo eta erregistratzea sustatuko du.
Gainera, abuztuan, gure babeslearekin batera, LABORAL Kutxa erronka jarriko dugu abian. Igotako tontorren lehen hizkiekin LABORAL hitza osatzen duten federatuek oparitxo bat jasoko dute. Parte hartzeko epea azaroaren 1era arte egongo da zabalik, eta egun berean gehienez 3 igoera egin ahal izango dira. Erronkan federatutako pertsonek soilik hartu ahal izango dute parte, eta igoerak Euskal Herriko Gailurren Katalogo ofizialean jasotako tontorretan egin beharko dira.
Federatuen ekosistemarako sarbide-atea
Gailurren igoerak erregistratzeaz harago, EMF Mendiak aplikazioak federatu eta federatuentzako zerbitzu-kanal integral bihurtzea du helburu. Horretarako, erabilgarri dituen funtzionalitateen artean, erabiltzailearen profila datu federatiboekin lotuta dago. Horri esker, epe ertainera beste zerbitzu batzuk ere txertatu ahal izango dira, hala nola jarduera eta ekitaldietan izena emateko aukera.
Azpimarratzekoa da federazioaren kudeaketaren konplexutasuna dela eta —11 diziplina, 41.000 federatu, 200 boluntario, etengabeko jarduerak eta abar—, digitalizazio-prozesuak denbora behar duela, eta, beraz, ez dela berehala gauzatuko.
Aplikazioa euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, Android sistema eragilea duten gailuetarako eta iPhoneetarako (iOS). Bai aplikazioa lehen aldiz erabiliko dutenek, bai lehendik Mendiak aplikazioa erabiltzen zutenek ere, zalantzak edo arazo teknikoak argitzeko harremanetarako helbide hau izango dute eskura: info@mendiak.eus
