Euskal Mendizale Federazioak 2.000 euroko ekarpena egingo dio Xabier Ormazabal Bekari, eta aurtengo edizioan diru hori mendiko material teknikoa eta segurtasunekoa erostera bideratuko da hautatutako proiektuarentzat. Ekarpen horri esker, bekaren guztizko zenbatekoa 9.000 eurora igoko da, gazte alpinistek sustatutako ekimenak indartzeko.
Xabier Ormazabal Beka 2017an sortu zuen Urretxuko Udala-k, Xabier Ormazabal Aristegi alpinista urretxuarraren memoria bizirik mantentzeko asmoz. Ormazabal 2004an hil zen Cho Oyu mendian. Bekaren helburua, oroimenari eusteaz gain, gazteen artean alpinismoari lotutako proiektu berriak sustatzea eta belaunaldi berrien ibilbidea bultzatzea da.
Deialdia 2001etik aurrera jaiotako gazteei zuzenduta dago, eta pertsona bakar bati zein talde bati eman dakioke. Aurkezten diren proiektuek maila handia, sormena edo berrikuntza izan behar dute mendizaletasunaren esparruan. Aurreko edizioetan askotariko proposamenak aurkeztu izan dira: espedizio handietatik hasi eta mendiarekin lotutako gida, liburu edo ikus-entzunezko lanetaraino.
Xabier Ormazabalek (Urretxu, 1981 – Cho Oyu, 2004) alpinismoan ibilbide nabarmena egin zuen urte gutxitan. Bere lorpenen artean dago “Elurretako Lehoinabarra” erronka osatzea, Komunismoa, Khan Tengri, Pobeda, Lenin eta Korzhenevskaya zazpimila metroko tontorrak igota. Ondoren Himalaiara zuzendu zuen bere jarduera, eta han hil zen espedizio batean.
Proiektuak aurkezteko epea martxoaren 26ra arte egongo da zabalik, eta proiektu irabazlea maiatzaren 23an jakinaraziko da, Urretxun urtero alpinistaren omenez egiten den ekitaldian. Bekak, gainera, beste eragile batzuen laguntza ere badu, besteak beste Walk On Project fundazioarena eta Mendi Film Festival jaialdiarena.
Oinarriak iksugai Urretxuko Udalaren webgunean

