Mendiko orientazioak jauzi bat egin du: Euskal Herriko Kopa 2026 iritsi da

Urdaburuk, Aiako Harria Parke Naturalean, hartuko du datorren otsailaren 15ean Euskal Herriko Orientazio Koparen (EHKO) 2026ko lehen proba.

Euskal Herriak, aurten hasita, erreferentziazko lehiaketa berri bat izango du: Euskal Herriko Orientazio Kopa, denboraldian zehar hainbat probatan mendiko eta orientazioko kirolariak eta klubak bilduko dituen zirkuitua. Ekimenaren helburua orientazio kirola bultzatzea, parte-hartzea sustatzea eta lurraldeko erakunde antolatzaileen arteko lankidetza indartzea da.

Euskal Herriko Orientazio Kopa maila desberdinetako parte-hartzaileei irekita sortu da: eskola-kategorietatik eta herri-mailakoetatik hasi, eta federatutako kirolarietaraino. Parte-hartzea errazteko eta maila bakoitzari egokitutako esperientzia bermatzeko, proba bakoitzean lau ibilbide izango dira; horrela, parte-hartzaile bakoitzak bere gaitasun eta helburuetara ondoen egokitzen den ibilbidea aukeratu ahal izango du.

Orientazioko EHKO 2026an hasiko da, Euskadi eta Nafarroako orientazio eta mendiko kluben lankidetzarekin, bi mendiko federazioen babesarekin eta Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarraren laguntzarekin. Guztira, mendiko orientazioko 4 proba izango ditu:

  • Urdaburu (Gipuzkoa) – otsailaren 15a
  • Otxandio (Bizkaia) – apirilaren 26a
  • Ondategi (Araba) – maiatzaren 10a
  • Irurtzun (Nafarroa) – azaroaren 1a

Araudia eta sailkapena

Euskal Herriko Orientazio Koparen 2026ko araudia eta sailkapen ofiziala hemen kontsultatu daitezke.

Similar Posts