Euskal Selekzioak parte-hartze nabarmena izan zuen Saint-Jéoire Skyrace lasterketan, Skyrunning egutegi internazionaleko proba gogorrenetako batean. 3.000 metro baino gehiagoko goranzko desnibela eta tarte tekniko zorrotzak zituen ibilbideak, gure taldearentzat exijentzia maila handikoa izan dena.
Emakumezkoen kategorian, Irune Velez de Mendizabalek proba osatu zuen sentsazio onekin, nahiz eta agian gehiago eman zitekeelako sentzazioarekin geratu zen. Ibilbidearen gogortasuna eta lasterketaren baldintzak kontuan hartuta, amaierako denbora aurreikusitakoaren barruan egon zen, ahalegin sendoa erakutsiz.
Gizonezkoen kategorian, Oier Zubeldiak maila handiko korrikalariz osatutako talde baten aurrean lehiakortasuna mantendu zuen. Hala ere, azken jaitsieran izan zituen kalanbreak tarteko, ezin izan zuen emaitza hobea lortu. Dena den, 3 ordu eta 45 minututik beherako denborarekin —erregistroek diotenez—, goi mailako probetan duen gaitasuna eta potentziala agerian geratu ziren. Bosgarren postua lortzeko zorian egon zen, baina azkenean seigarren izan zen.
U23 kategorian, Ibai Angulok hasieratik sufritu zuen aurretik zituen arazo fisikoen ondorioz. Bestalde, Ibai Larreak eman zuen mailarik onena, bigarren postua eskuratuz eta aurkarien aurrean maila oso sendoa erakutsiz.
Emaitzetatik haratago, euskal ordezkaritzak nabarmendu zuen parte-hartzaileen arteko giro positiboa eta elkartasuna. Elkarbanatutako esperientziak, lasterketaren emozioak eta eguneroko bizikidetzak sendotu egiten dute Euskal Selekzioaren presentzia nazioarteko hitzordu hauetan, etorkizuneko lehiaketetarako erreferente bilakatzen ari direnak.
Saint-Jéoire Skyrace lasterketak, bere ibilbide zorrotza eta teknikoarekin, korrikalarien maila neurtzeko eszenatoki ezin hobea dela berretsi du. Aurtengo edizioan, Naiara Irigoyen izan da emakumezkoen irabazlea —aurretik ere parte hartu izan zuen Euskal Selekzioarekin— eta Alain Santamaría gizonezkoen garailea.
