Euskal Mendizale Federazioak Katmandun (Nepal) egindako UIAA Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasunaren Batzar Nagusian parte hartu du. Ricardo Hernani presidentea eta Zigor Egia presidenteordea izan dira EMFren ordezkariak, federazioak nazioarteko erakundeko zuzeneko kide gisa 25 urte bete dituen honetan.
Batzarrak iraun duen bi egunetan, kontuak onartu dira eta batzordeen lanaren berri eman da, besteak beste, segurtasunaren, ingurumenaren, ekipamenduaren eta mendiko kirol diziplinen arloetan.
Halaber, batzordeetan kide berriak sartzea bozkatu da, eta UIAAren hurrengo bilerak zein herrialdetan egingo diren onartu da.
