Eki Beobide eta Aitana Lertxundi, Euskal Herriko Orientazio Kopako lehen txapeldunak

Lekunberrik zirkuituko laugarren eta azken proba hartu zuen azaroaren 1ean. 355 lagunek baino gehiagok eman zuten izena, eta Markiritzeko mapa berria estreinatu zen.

Euskal Herriko Orientazio Koparen (EHOK) lehen edizioa igande honetan amaitu zen Lekunberrin, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa zeharkatu dituen lau probako egutegia osatuta. GOT klubeko Eki Beobide eta Aitana Lertxundi nagusitu ziren maila absolutuko sailkapen orokorrean.

Nafarroako hitzorduak 355 lagunetik gora bildu zituen ibilbide eta kategoria guztien artean. Markiritzeko orientazio-mapa berria estreinatzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek, udazkeneko basoan mapak interpretatzeko eta biderik egokienak aukeratzeko trebetasuna proban jarriz.

Ibilbide beltzeko gizonezkoen sailkapen orokorrean, Eki Beobidek eskuratu zuen lehen postua. Roberto Pascual (CDN) bigarren sailkatu zen, 154,5 punturekin, eta Aitor Anabitarte (COBI) hirugarren, 147,5 punturekin. Emakumezkoetan, Aitana Lertxundik lortu zuen txapela, 157,5 punturekin; Marina Lertxundi (GOT) izan zen bigarren, 151 punturekin, eta Izaro Ipiña (COBI) hirugarren, 149 punturekin.

Lau proba lehen edizioan

EHOK otsailean abiatu zen Urdaburun, eta apirilean izan zuen bigarren hitzordua Otxandion. Hirugarren proba Ondategin jokatu zen, Lekunberriko azken hitzorduaren aurretik.

EMFko Orientazio sailetik balorazio positiboa egiten dugu lehen edizio honetaz, bai proben antolaketari bai parte-hartzeari dagokienez. Lehiaketako kategoriez gain, herri-ibilbideek, hastapenekoek eta taldekoek adin eta esperientzia maila desberdinetako lagunei orientazioaz gozatzeko aukera eman diete.

Eskerrik asko zirkuitua aurrera ateratzeko lanean aritu diren klubei, antolakuntza-taldeei eta boluntarioei, baita lehen Euskal Herriko Orientazio Kopa honetan parte hartu duten guztiei ere.

RANKING EHOK 2026 > Lau proben sailkapenak

Similar Posts