Euskal Selekzioak indartsu ekin dio Skyrunner World Series 2026 denboraldiari

Joan den asteburuan, mendi lasterketetako Euskal Selekzioak estreinaldi bikaina egin zuen Merrell Skyrunner World Series 2026 zirkuituan, La Palma uhartean jokatutako Acantilados del Norte proban.

Nazioarteko egutegiko proba tekniko eta ikusgarrienetako bat den honek, 28 kilometroko ibilbidea eta 2.000 metro positibotik gorako desnibela izan ditu, Garafía eta Barlovento lotuz itsaslabar bolkaniko, bide estu eta Atlantikoaren gaineko jaitsiera zorrotzen bidez.

Euskal Selekzioa honako kirolariek osatu zuten: Oihana Zubillaga, Ainara Alcuaz, Irune Vélez de Mendizabal, Paul Ormaetxea eta Hodei Samaniego.

Ibilbide oso tekniko eta zorrotzean, gure kirolariek maila handiko jarduna eskaini zuten, denboraldiko lehen parte-hartze honetan, zirkuituaren barruan.

Gizonezkoen kategorian, Paul Ormaetxeak lasterketaren zati handi batean top 5 postuen lehian ibili zen, eta azkenean 6. postuan (2:37:53) amaitu zuen, azken sprint estu baten ondoren. Bestalde, Hodei Samaniego ere top 10 postuen lehian mantendu zen eta 13. postuan (2:46:42) helmugaratu zen.

Emakumezkoetan, Oihana Zubillagak berriro erakutsi zuen bere maila lehiakorra, 8. postu bikainarekin (3:16:51). Ainara Alcuazek, 13. postuan (3:26:21), eta Irune Vélezek, 17. postuan (3:31:01), taldearen jardun ona osatu zuten, uneoro aurreneko postuen inguruan kokatuta.

Euskal presentzia nabarmena

Euskal Selekzioaz gain, euskal korrikalarien presentzia berriro ere protagonista izan zen proban. Gizonezkoetan, Gontzal Murgoitio eta Ibai Larrea ere nabarmendu ziren, 9. eta 10. postuetan helmugaratuta, hurrenez hurren.

Emakumezkoetan, garaipena Donostiako Sara Alonsok eskuratu zuen, lasterketa hasieratik amaierara menderatuz eta, gainera, ibilbideko errekor berria ezarriz, maila bikaina erakutsiz.

Gizonezkoen proban, garaipena Manuel Merillas eta Frédéric Tranchand korrikalarien arteko lehia estuan erabaki zen, eta azkenik korrikalari leondarrak irabazi zuen, akats bakoitzak diferentzia markatzen zuen ibilbide batean.

Egutegiko proba zorrotzenetako bat

Acantilados del Nortek berriro erakutsi du zergatik den zirkuituko proba basatien eta teknikoenetakoa. Bere ibilbidea, arrantzaleek eta tokiko biztanleek historikoki erabilitako bideetan oinarrituta, lur bolkanikoa, bide estuak, jaitsiera teknikoak eta erritmo aldaketa etengabeak uztartzen ditu.

Erorikoak eta akatsak ohikoak izan ziren, non kontzentrazioa eta teknika erabakigarriak izan ziren.

Euskal Selekzioaren emaitzak

Gizonezkoak
6. Paul Ormaetxea — 2:37:53
13. Hodei Samaniego — 2:46:42

Emakumezkoak
8. Oihana Zubillaga — 3:16:51
13. Ainara Alcuaz — 3:26:21
17.Irune Vélez — 3:31:01

Hurrengo geldialdia: Calamorro

Lehen proba hau nota onarekin gainditu ondoren, Euskal Selekzioak sentsazio oso onekin ekin dio nazioarteko denboraldiari. Hurrengo hitzordua Calamorro Skyrace (Málaga) izango da, lau aste barru, eta taldeak munduko elitean bere lekua sendotzen jarraitzeko helburua izango du.

Similar Posts