Martxoaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira Joxe Takolo bekarako proiektuak

2000. urtean hildako Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarraren omenez, aurten ere beka bat emango du Azpeitiko Udalak, Euskal Herriko mendizale, mendi elkarte eta beste edozein eratako talde edo elkarteei zuzenduta. Hilaren amaierara arteko epea egongo da proiektuak aurkezteko. Onuradunak 4.000 euro jasoko ditu.

Ohi bezala, bekaren helburua izango da goi-mendiarekin, abenturarekin, zientziarekin, esplorazioarekin eta dibulgazioarekin lotuta dauden proiektu originalak, esploratzaileak eta dibulgazioak bultzatzea.

Ebaluazio irizpideak

Aurkeztutako proiektuak ebaluatzeko, batzorde tekniko bat osatuko da. Irizpide hauek hartuko ditu kontuan proiektuen balorazioa egiteko:

  • Proiektuaren originaltasuna (%29 gehienez)
  • Proiektuaren zailtasuna (%29 gehienez)
  • Parte-hartzaileak (%21 gehienez)
    • Parte-hartzaile euskaldunen kopurua (%7)
    • Parte-hartzaileen parekotasuna (%7)
    • Euskal Mendizale Federazioan edo Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearen lizentzia izatea eskaera egin baino urte bat lehenagotik (%7)
  • Jardueraren eta baliabideen finantzaketa (%21 gehienez)
    • Aurrekontua (%7)
    • Proiektuaren iraupena (%7)
    • Proiektua gauzatuko den lekua (%7).

Deialdia eta beka eskatzeko behar diren dokumentuak Azpeitiko Udalaren webgunean daude, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.

Similar Posts