Azaroaren 1ean, igandean, Nafarroako Herri Orientazio Ligako 2026-2027 denboraldiko lehen proba jokatuko da Lekunberrin. Aldi berean, 2026ko Euskal Herriko Orientazio Koparako puntuagarria izango den azken hitzordua izango da.
Maila guztietarako ibilbideak izango dira: orientazioan hasi nahi duten haur eta familientzat, baita maila handiko helduentzat ere. Izena emateko epea urriaren 28an, asteazkenean, 23:59an amaituko da.
Lekua eta egitaraua
Lehiaketa gunea Lekunberriko ibarrean egongo da.
| Ordua | Jarduera |
|---|---|
| 9:45 | Lehiaketa gunearen irekiera |
| 10:00 | Lehen irteerak |
| 12:00 | Azken irteerak |
| 14:00 | Helmugaren itxiera eta Euskal Herriko Kopako sari banaketa |
Irteerak mailaka egingo dira, bi minutuan behin. Gehienez ere hiru parte hartzaile aterako dira aldi berean, kategoriako bana. Ez da aldez aurretik irteera ordurik esleituko.
Kategoriak
| Kategoria | Maila | Modalitateak | Gutxi gorabeherako distantzia |
|---|---|---|---|
| Open Horia | Hastapena haurrentzat eta familia taldeentzat | Banaka, gizonezkoak eta emakumezkoak; eta taldeka | 3 km baino gutxiago |
| Open Laranja | Hastapena helduentzat eta familia taldeentzat | Banaka, gizonezkoak eta emakumezkoak; eta taldeka | 3–4 km |
| Open Gorria | Erdi maila helduentzat | Banaka, gizonezkoak eta emakumezkoak | 4,5 km |
| Open Beltza | Goi maila helduentzat | Banaka, gizonezkoak eta emakumezkoak | 5–6 km |
Orientazioari buruzko oinarrizko ezagutzak dituztenei banaka parte hartzea gomendatzen zaie. Hastapenetan daudenek, berriz, taldeka edo bikoteka parte hartzeko aukera izango dute.
Informazio teknikoa

Proba Lekunberri eta Albiasu arteko eremuan, Markiritz mendian, egingo da. Roberto Pascual «Paski» kartografoak eremua berriro kartografiatu du 2026ko irailean eta urrian. Aurreko mapa duela hogei urte baino gehiago erabili zen, behin bakarrik, eta buletinaren amaieran kontsulta daiteke.
- Eskala: 1:7.500.
- Ibilbideen diseinatzailea: Asier Elizalde.
- Kontrolen deskribapena: mapan bertan.
Ibilbide bakoitzaren behin betiko distantzia, desnibela eta baliza kopurua hurrengo buletinean jakinaraziko dira.
Kronometrajea: SPORTident
Kategoria guztietan SPORTident sistema erabiliko da.
Txartelik ez dutenek izena emateko formularioaren bidez alokatu ahal izango dute, 3 euroren truke, NANa berme gisa utzita. Txartela galdu edo hondatuz gero, beste 30 euro ordaindu beharko dira.
Parte hartzaile guztiek SPORTident datuak deskargatzeko gunetik igaro beharko dute, baita ibilbidea amaitzen ez badute edo erretiratzen badira ere, antolakuntzak itzuli direla jakin dezan.
Izen ematea
Izena Deporticket plataformaren bidez eman beharko da, urriaren 28ko 23:59ak baino lehen.
Eman izena Lekunberriko proban
Parte hartzaile guztiek aldez aurretik eman beharko dute izena. Antolakuntzak ez die parte hartzeko aukera bermatzen aurrez izena eman ez dutenei.
Asegururik ez duten 14 urtetik gorako pertsona guztiek NAN zenbakia adierazi beharko dute nahitaez izena ematean.
Tarifak
| Parte hartzaileak | Prezioa |
|---|---|
| 2024tik 2026ra bitartean jaiotakoak | 0 € |
| 2012tik 2023ra bitartean jaiotakoak | 3 € |
| 2011an eta aurreko urteetan jaiotakoak | 7 € |
| CDN/NKEko bazkideak | 1 € —doan 2024tik 2026ra bitartean jaiotakoentzat— |
Horrez gain, honako kostu hauek aplikatuko dira:
- Orientazioan edo mendian federatuta ez daudenentzako nahitaezko asegurua: 3 € pertsonako.
- SPORTident txartelaren alokairua: 3 €; doan CDN/NKEko bazkideentzat.
- Taldeentzako mapa gehigarriak: 1 € mapako. Talde bakoitzaren izen emateak bi mapa barne hartzen ditu; gehigarriak formularioan eskatu beharko dira.
Zalantzak argitzeko: [email protected].
Gomendatutako materiala eta jardunbide egokiak
Kirol arropa eta oinetako egokiak eramatea gomendatzen da, ahal dela trekking edo trail motakoak, takoak dituztenak. Polainak edo galtzerdi luzeak erabiltzea ere komeni da, baita eguraldiaren arabera berokia edo zira eramatea ere.
Ibilbidean iparrorratza erabiltzea gomendatzen da. Antolakuntzak hainbat iparrorratz izango ditu maileguan uzteko, aleak agortu arte. Galduz gero, 10 euro ordaindu beharko dira.
Parte hartzaile bakoitzak bere janaria eta edaria eraman beharko ditu, plastikoen erabilera saihesteko eta ingurunea errespetatuz kirola egiteko.
Emaitzak eta sailkapenak
Probako emaitzak eta azken sailkapena Club Deportivo Navarra / Nafarroa Kirol Elkartearen webgunean eta Liveresultat plataforman argitaratuko dira.
Euskal Herriko Orientazio Kopako azken sailkapena EMFren webgunean kontsultatu ahal izango da:
Ikusi 2026ko Euskal Herriko Orientazio Kopako sailkapena
Ezagutu Lekunberriko ingurunea
Bisita aprobetxatuz, inguruko hainbat toki eta ondare ezagutzeko aukera ere izango da:
- Antzinako Errege Bidea: Iruñea–Lekunberri–Tolosa ibilbideak, Donostiarako norabidean, Nafarroako Erresumari itsas portu batera iristeko aukera ematen zion. Bidearen erabilerari buruzko aipamenak daude 1249az geroztik. Informazio gehiago.
- Mendukiloko leizea: Aralarren dago, eta mendeetan mendiko ukuilu gisa erabili zen. Gaur egun, bisitak egiteko egokituta dago. Ezagutu Mendukilo.
- Plazaolako Bide Berdea: Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen zituen trenbide zaharra, gaur egun baso, herri eta tunelen artean doan 78 kilometroko ibilbide bihurtua. Ezagutu bide berdea.
- Peru Harri: Iñaki Perurenak Leitzan sortutako harriaren parke museoa, tradizioak, herri kirola eta artea elkartzen dituen gunea. Ezagutu Peru Harri.


