Urtea: 1950
Federazioak argitaratutako mendien lehen katalogoa da, orduan Federación Vasco-Navarra de Montaña (1950) izena bazuen ere. Ángel Sopeñak eta Antonio Ferrerrek (Haitzuloetako Gizona goitizenez zen ezaguna orduan) egin zuten.
Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako probintzietako mendi ugari biltzen ditu katalogoak, eta penintsulako, uharteetako edota Maroko nahiz Ekuatore Gineako beste mendi asko ere badakartza. Eskuartean dugun lan hau ez da jatorrizkoaren kopia, editatutako bertsio bat baizik, nahiz eta formatuari ahalik eta leialtasun handienaz eusteko ahalegina egin den. Horregatik, ez da zuzendu jatorrizkoak zuen akats bakar bat ere (ezta ortografia-akatsak ere), bere izaera osoari euts diezaion. Horrez gain, erreferentzia batzuk txertatu dira amaiera aldera, gaur egun erabiltzen ez diren toponimiarekin edo erreferentzia kartografikoekin bat ez datozen gailur batzuk kokatu ahal izateko.
Gaur egungo zerrenden arbaso edo proto-katalogotzat har daiteke. Kasurik gehienetan, garai hartan indarrean zen Mapa Topografiko Nazionalaren (MNT) kartografiatik (1:50.000) hartu ziren altitudeak (lan katastralak eginez 70 urte baino gehiago pasatu ostean amaitu zen). Batzuetan, badaude aldetxoren batzuk, mailari dagozkion zifretan egindako okerren bati eslei dakizkiokeenak, eta, kasu gutxi batzuetan, ezin izan da adierazi erakutsitako altitudearen balioa nondik datorren. Bereziki nabarmendu behar dugu Arabako probintziako gailurren ugaritasuna, ondorengo edizioetan jasoko direnekin alderatuta; katalogazioko akats gehienak hortxe kokatzen dira, hain zuzen. Dena den, horretaz jabetuta, katalogo berri bat osatzeko enkargua eman zuen Mendi Federazioak (1956), gaur egungoen antz handiagoa izango zuena; Euskal Herriko mendien lehen katalogo horretako gabezia, akats eta kontraesan gehienak katalogo berriak zuzenduko zituen, hain zuzen.