EMFk Euskal Mendizaletasunaren XXX. Galako sarituak ezagutzera eman ditu

Euskal Mendizale Federazioak ezagutzera eman ditu Euskal Mendizaletasunaren XXX. Galako sarituak. Ekitaldia urriaren 16an izango da, 18:30ean, Arrigorriagako Lonbo Aretoan.

2026ko EMF Sariek euskal mendizaletasunaren esparruan nabarmendu diren ibilbideak, jarduerak eta ekarpenak aitortuko dituzte beste urte batez. Hauek izango dira aurtengo sarituak:

  • Mikel eta Jon Inoriza – Andrés Espinosa, Euskal Mendizale 2026. Inoriza anaiek, alpinista eta eskalatzaile nabarmenek, EMFren urteko aitortza nagusia jasoko dute.
  • Oihana Kortazar Aranzeta – Loli López Goñi, Emakume Mendizaleak. Mendiko lasterkariak nazioarteko titulu garrantzitsuak lortu dituen kirol ibilbideagatik jasoko du saria.
  • Eñaut Izagirre – Antxon Bandrés, Jarduerarik Interesgarriena. Elgoibarko glaziologoa eta National Geographic Explorer da, eta Patagoniako eta Pirinioetako glaziarren esplorazioan eta ikerketan egindako lanagatik nabarmendu da.
  • Baltasar Zapatero eta José Nieto Madrid – Ibilbideari Saria, ex aequo. Mendizaletasunarekin urte luzez izandako lotura eta egindako ibilbidea aitortzeko saria.
  • Txema Noval – Euskal Mendizaletasunaren Lagunak. Mendizale amorratua, urte luzez hainbat kirol- eta boluntariotza-ekimenekin lotuta egon da.

Aurten, gala Club Alpino Padura Mendi Taldeak antolatuko du, klubaren 75. urteurrenarekin bat eginez. Hitzorduak klubak, kirolariak eta euskal mendizaletasunaren belaunaldi ezberdinak elkartuko ditu berriro.

Ekitaldian Pyrenaicaren urteko sariak ere banatuko dira. Blog, argazki eta artikulu lehiaketetako lan nabarmenenak sarituko dira, baita aldizkariaren mendeurreneko kontakizun lehiaketako lan sarituak ere.

Similar Posts