Ehun Mendien Anaidiak bat egingo du Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) mendeurreneko ekitaldiekin, eta Anaidiaren Eguna eta ehundunen diplomen banaketa ospatuko ditu aurten urriaren 13an, larunbata, Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearekin batera antolatutako martxan, Euskal Herriko Erdigune Geografikora (Urbasa Andiako Parke Naturalean).
Abiapuntuak egongo dira Senosiain (8:45ean) eta Irañetako Borda (9:30ean), eta bilgunea 11:30ean izango da, Erdigunean, jarduera mendizalea osatzeko hainbat “ehundune”ren (Lezizagoa, Beriain, Satrustegi…) hurbil. Bertatik hasiko da Irañetako Bordara jaitsiera, non diplomen banaketa 13:30ean egingo den.
Aurten, Ehun Mendien Lehiaketa amaitu duten 84 mendizaleri omenaldia egingo zaie, haien artean, Ehun Mendien Anaidian sartu izana egiaztatzen duen diploma jasoko duten 31 kide berri -Ehun Mendien Lehiaketa lehenengo aldiz osatu dutenak-, eta “ehundune” berriak osatu dituzten 53 pertsona gehiagori ere. Aldi berean, opari bana emango zaie bai Anaidiaren kide berriei, bai “ehundune” berria osatu dutenei. Oparia ez zaio inola ere beste pertsona bati emango, edo ez zaie etxera bidaliko jardueran parten hartzen ez duten pertsonei.
Ehun Mendien Lehiaketa beste hainbeste menditara ehun igoera egitean datza, Euskal Herriko Tontorren Katalogoan zerrendatuta eta EMF-FVMren batzarrak onartutako araudi batean jasotako baldintzetan. Une honetan, Anaidia 4.775 mendizalek eta 7.298 historialek osatzen dute.
Emanaldiaren ondoren, pintxo-potea egingo da Irañetako bordan. Izen-ematea doakoa izango da, baina nahitaezkoa da izena ematea bertan parte hartzeko. Izen-ematea Euskal Mendizale Federazioaren webgunean egin beharko da (urriaren 10era arte, osteguna).
Bazkaria ere egongo da, 14:30ean eta 15 euroko prezioa izango duena. Parte hartzeko, izena emateko orduan adierazi beharko da.
EMFk programa edo egin beharreko ibilbidea aldatzeko eskubidea izango du, segurtasunaren, eguraldiaren edo garrantzitsutzat jotzen den beste arrazoiren baten arabera.
EMFk eta Ehun Mendien Anaidiak, euren Anaia Nagusiaren eskutik, dei egiten diete kide berriei, “ehundune” berria osatzen Anaidiarekiko atxikimendua berritu duten pertsona guztiei eta lehiaketa historiko honen jarraitzaile guztiei, hain ikusgarria den leku honetaz gozatzeko.
Mendi Lehiaketak eta Euskal Herriko Mendizale Federazioa
1914ko irailaren 30eko gauean, Bilbao Kirol Elkarteko mendizale talde bat Ganekogortako gailurrera igo zen, konjuru edo talde sekretu gisa, Euskal Herriko lehen mendi lehiaketa gisa historiara igaroko zena martxan jartzeko. Antxon Bandres Azkueren eskutik, tontor horretan diseinatu zen euskal mendizale talde batentzat gure jardueraren praktika sistematikoki, etengabe eta modu planifikatuan bultzatzeko lehen erronka. Horrela, euskal mendizaletasunaren aitzindariek gaur egun arte mendiko lehiaketak deitzen direnak sortu zituzten.
Federazioaren ibilbidea hamar urte geroago hasi zen, 1924an, Napar federakundearekin batera. Azken urteotan, federakundearekin berarekin Euskal Herriko Erdigune Geografikorako martxa antolatzen da, Urbasa Andia Parke Naturalean.