Euskal Mendizale Federazioko alpinismoko teknifikazio taldeak arrakastaz amaitu du Alpeetan urtero egiten duen udako irteera. Uztailaren 6tik 12ra egin da jarduera, Aostako Haranean (Italia), eta helburua goi-mendiko ingurune zorrotz batean kirolarien prestakuntza teknikoa hobetzen jarraitzea izan da, horma handietako harkaitz-eskalada, ertzetako progresioa eta ibilbide alpinoen kudeaketa uztartuz.
Espedizioa Ander Jauregi, Ixone Garmendia, Aitor Bilbao, Ibai Otaegi eta Adriana Garcíak osatu dute, Iban Silvar eta Iñaki Garay teknikarien zuzendaritzapean.
Kontzentrazioaren lehen zatia Dalmazzi aterpetxetik (2.584 m) egin zuten, Monts Rouges du Triolet inguruan. Bi jardunaldi bizitan, hainbat sokataldetan banatuta, inguruko bide esanguratsuak eskalatu zituzten, besteak beste “Venus” eta “Ay, Ay, Ay” (Titani horman), “Habitare il Tempo” (Torre Rossa de l’Aiguille de Savoie) eta “Le Fond de l’Air” (Aiguille Rouge du Triolet). Horrez gain, “Le Rouge et la Noire” bidea egiten ere saiatu ziren, nahiz eta ezin izan zuten amaitu.
Ondoren, taldea Valpelline haranera joan zen, eta handik Aosta aterpetxera (2.788 m) igo zen goi-mendiko jarduerekin jarraitzeko asmoz. Hala ere, ekaitz gogorren iragarpenak hasierako plana aldatzera behartu zituen. Egoerara azkar egokituta, Dent d’Hérens (4.170 m) tontorra Tiefmatten ertzetik igotzea erabaki zuten, eta gailurra progresio azkar, seguru eta eraginkor baten bidez lortu zuten.
Kontzentrazioaren balorazioa oso positiboa izan da, hasieran ezarritako helburu guztiak bete baitira: horma handietako harkaitz-eskaladan teknika hobetzea, goi-mendiko ertzetan progresioa lantzea eta taldearentzat ohikoak ez diren eremu alpino berriak ezagutzea.
Kirol lorpenez harago, zuzendaritza teknikoak bereziki nabarmendu nahi izan ditu parte-hartzaileen autonomia, eraginkortasuna eta egokitzeko gaitasuna. Era berean, aste osoan zehar erakutsitako jarrera bikaina azpimarratu dute, bai maila pertsonalean bai talde mailan, elkartasuna, taldekidetza eta konpromisoa izan baitira jarduera guztietan nagusi, etorkizuneko gure alpinisten prestakuntzarako ezinbesteko balioak.
