Datorren urriaren 11n, igandea, Euskal Herriko erdigunera mendi-martxa egingo da. Mendizaletasunaz gozatzeko eta lurralde guztietako mendizaleen arteko loturak sendotzeko hitzordua izango da beste behin.
Helmuga Olibesarioko Saroia izango da, Nafarroako Andimendian, Lezitza menditik eta San Donato baselizatik gertu. Félix Isasa ingeniariak hantxe kokatu zuen Euskal Herriko erdigune geografikoa, barizentroaren kontzeptuan oinarritutako kalkuluaren bidez. 1.266 metroko altueran dagoen toki hori monolito txiki batek seinalatzen du 2004az geroztik.
1924an Elgetan Euskal-Nafar Alpinismo Federazioa sortu zenetik mende bat baino gehiago igaro den honetan, euskal mendizaletasunaren elkargune izateko bokazioari eusten dio martxak. Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarraren bidez, bideak elkarrekin egiten jarraitzeko eta federazioen zein kirolaren esparruan elkarlana bultzatzeko borondatea adierazten du hitzorduak.
Martxak bi abiapuntu izango ditu: 08:45ean Senosiaindik (Aska) abiatuko dira mendizaleak, eta 09:30ean Irañetako bordatik. Ekitaldi nagusia 11:30ean izango da, trikitilariekin, hizlarien parte-hartzearekin eta Juan Mari Feliu eta Félix Isasari egingo zaien omenaldiarekin.
Ondoren, jaiak Irañetako bordan jarraituko du: 13:30ean pintxopotea izango da, eta 14:00etan Idoia Granizo eta Sahats Karasatorre bertsolarien saioa. Euskal Selezioaren aldeko argazkia ere egingo da. 14:30ean bazkaria izango da, Irañetako babak dastatzeko aukerarekin, 20 euroan. Bazkalostean, Euskal Kanta izango da.
Bazkarirako izena emateko azken eguna urriaren 9a izango da. Horretarako, 620 190 277 telefonora deitu edo iratxomendi@gmail.com helbidera idatzi daiteke.
