Adriana Gómez, Ixone Garmendia, Ibai Otaegi, Aitor Bilbao eta Ander Jauregik osatutako taldeak, Iban Silvar teknikariaren gidaritzapean, maiatzaren 16an eta 17an eski-mendiko irteera bat egin du, Anetori buelta ematea helburu zuen zeharkaldi zorrotzetako bat osatzeko.
Espedizioa maiatzaren 16an abiatu zen Benasquen, eta handik Besurtatik 09:00etan atera zen taldea. Lehen jardunaldian, Llauseteko aterpera iristea izan zen helburua, 1.300 metro inguruko desnibel positiboa metatuz eta hainbat lepo zeharkatu eta trantsizio desberdinak egitera behartuz.
Lehen etapa honetan, taldeak etengabe egokitu behar izan zuen bere aurrerapena, lurraldearen irakurketan eta mendiko baldintza aldakorren arabera hartu beharreko erabakietan arreta jarriz. Jardunaldi garrantzitsua izan zen irizpide teknikoak eta segurtasunekoak finkatzeko.
Bigarren jardunaldia plan aldaketek markatu zuten. Taldekideetako batek, Ibai Otaegik, ezineza izan zuenez, taldea elkarrekin Vallibiernako leporaino iritsi zen, eta bertan espedizioa banatzea erabaki zen. Ibaik, Iban Silvar teknikariaren laguntzarekin, Koronaseko aterperantz jaitsi zen, eta handik Benasquera.
Gainerako taldekideek aurreikusitako ibilbidearekin jarraitu zuten, Llosaseko goiko lepotik igaro eta Koronaseko lepoarekin lotuz. Handik, Anetoko glaziarretik jaitsi ziren Besurtaraino.
Hasierako planak Llosaseko ertzaren azken zatia osatzea aurreikusten bazuen ere, egoerak hala behartuta, ibilbidea moldatu behar izan zen, uneoro taldearen segurtasuna lehenetsiz.
Azpimarratzekoa da taldearen jarrera eta konpromisoa, une oro moldatzeko gaitasun handia eta elkarren arteko laguntza erakutsi baitzuten. Era berean, zuzendaritza teknikotik nabarmendu nahi da taldeak erabaki teknikoen hartzean izan duen bilakaera: noiz eta nola egin aldaketak, eta egoera bakoitzean material egokia aukeratu eta erabiltzeko gaitasuna.
