Euskal Selekzioak parte hartu zuen Malagako Benalmadenan jokatutako Calamorro Skyrace lasterketa gogor eta teknikoan, eta beste behin ere maila bikaina eman zuen nazioarteko lehiaketa zorrotz batean.
Calamorro Skyrace lasterketak hiru igoera luze eta azken zati goraberatsua ditu bukatzeko. Proba berezia da, batetik, normalean tenperatura altuetan jokatzen delako eta honek korrikalarietan duen eraginagatik, eta bestetik, lasterketaren irteera arratsaldeko bostetan delako. Gainera, aurten ibilbidean egindako aldaketek are gogorragoa bihurtu zuten lasterketa. Parte-hartzaileei dagokienez, maila handia izan zen, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan.
Emakumezkoen proban, hasieratik erritmo oso bizia ezarri zuen Sara Alonso donostiarrak. Euskal Selekzioko korrikalariek, ordea, aurreikusitako estrategia jarraitu zuten, bakoitzak bere erritmoari eutsiz. Nabarmenena Ainhoa Garikano tolosarra izan zen; atzetik aurrerako lasterketa bikaina eginez, bigarren zatian erakustaldi paregabea eskaini eta seigarren postuan helmugaratu zen.
Leire Uribek ere lan bikaina egin zuen, Euskal Selekzioan eta Munduko Kopan debut egunean. Erritmo erregularra mantenduz, beterano baten moduan aritu zen eta hamalaugarren postuan amaitu zuen, 3 ordu eta 58 minutuko denborarekin. Irune Velezek ere jardun txukuna osatu zuen; lasterketa gehiena Uriberen atzetik eginez eta erregulartasun handia erakutsiz, hamazazpigarren izan zen helmugan. Bestalde, Itsasne Urkiagak ilusio handiz ekin zion bere debutari eta lasterketa txukun egin zuen 28. kilometrora arte; bertan izandako eroriko baten ondorioz, lasterketa utzi behar izan zuen.
Gizonezkoen lasterketa ordu erdi geroago abiatu zen, eta beroak zein ibilbidearen zailtasunak nabarmen baldintzatu zuten proba hasieratik. Euskal Selekzioko ordezkarien artean, Hodei Samaniego sestaoarra izan zen azkarrena; esperientzia baliatuz, lasterketa bikaina egin eta hamairugarren postua eskuratu zuen.
Paul Ormaetxeak eta Oier Zubeldiak ere jardun txukuna egin zuten, nahiz eta ezin izan zuten beren mailarik onena eman, besteak beste sabeleko arazoengatik eta hasierako erritmo biziagatik. Ormaetxea hamalaugarren izan zen eta Zubeldia hamazortzigarren.
Bestalde, Beñat Ibañezek bere debutean sekulako lasterketa eginda Stian Angermund handiarekin helmugarazea lortu zuen, merituzko hamazazpigarren postu batean. Azkenik, Aitor Zunzunegik ezin izan zuen nahi bezala ospatu selekziora itzulera, baina hala ere hogeita hirugarren postu meritu handikoa lortu zuen.
Beste behin ere, Calamorro Skyracek maila handiko lehiaketa izan zuen, eta euskal korrikalariek beren balioa erakutsi zuten. Gero eta profesionalagoa den kirol honetan, gero eta zailagoa da emaitza esanguratsuak lortzea, baina Euskal Selekzioak lehiakortasun eta maila bikaina erakusten jarraitu zuen.
Emaitzak
🚹 Gizonezkoak
– Hodei Samaniego: 13. — 3:06:13
– Paul Ormaetxea: 14. — 3:11:40
– Beñat Ibañez: 16. — 3:13:39
– Oier Zubeldia: 18. — 3:14:55
– Aitor Zunzunegi: 23. — 3:24:08
🚺 Emakumezkoak
– Ainhoa Garikano: 6. — 3:44:40
– Leire Uribe: 14. — 3:58:14
– Irune Velez: 17. — 4:01:53
– Itsasne Urkiaga: erretiratua
📷 Argazkiak: Skyrunning / Nacho Gimeno
