Euskal Mendizale Federazioak bere zerbitzuen digitalizazioa bultzatuko du LABORAL Kutxarekin lankidetzan

Euskal Mendizale Federazioak (EMF-FVM) lankidetza hitzarmena sinatu du LABORAL Kutxarekin, federatutako pertsonei eskaintzen dizkien zerbitzuak modernizatzeko eta digitalizatzeko helburuarekin, batez ere jarduera ez-lehiakorren arloan.

Hitzarmen honen bidez, bi erakundeek tresna digitalak garatzea sustatuko dute, bereziki gailu mugikorren bidez. Tresna horiek jardueretan izena ematea erraztuko dute eta mendia modu seguru eta arduratsuan praktikatzeko informazio erabilgarria eskainiko dute. Horrela, federatuek zerbitzu arinagoa, eskuragarriagoa eta egungo mendizaletasunaren beharretara egokitua izango dute.

Akordio hau urrats garrantzitsua da Euskal Mendizale Federazioaren modernizazio estrategian. Barne funtzionamendua hobetzea ahalbidetuko du, eta informazio eguneratua, prozesu sinpleagoak eta erabiltzaileei esperientzia hobea eskaintzeko gaitasuna indartuko du.

Ricardo Hernani EMFko presidenteak adierazi duenez, “LABORAL Kutxarekin egindako akordio honek federatutako pertsonei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak etengabe hobetzeko dugun konpromisoa indartzen du. Digitalizazioaren alde egiteak mendiarekin dugun harremana egokitzen laguntzen digu, jardueretan parte hartzea errazten du eta informazio erabilgarriagoa eskaintzen du, betiere segurtasuna eta ardura oinarri hartuta”.

Bestalde, Álvaro Parro LABORAL Kutxako Komunikazio Saileko ordezkariak nabarmendu duenez, “LABORAL Kutxak berrikuntza, jasangarritasuna, balioak eta gizarte-errotzea uztartzen dituzten proiektuak laguntzeko duen borondateari erantzuten dio lankidetza hau, ziur baikaude komunitatea, enpresa, kultura, lurraldea, aurrerapena eta banka egiteko beste modu bat dagoelako”.

Akordioak lau urteko iraupena izango du, 2026tik 2029ra. Gainera, bi aldeek adierazi dute hitzarmen hau epe luzerako lankidetza egonkor baten hasiera izatea nahi dutela, lurraldearekiko lotura, jasangarritasuna eta mendizaletasunaren praktika sustatzea bezalako balio partekatuetan oinarrituta.

Similar Posts