Euskal Mendizale Federazioak (EMF) federatutako pertsonen istripu-tasaren azken datuak aztertu ditu, mendian prebentzioa eta segurtasunaren kultura sustatzeko ekintzak bultzatzen jarraitzeko asmoz.
Jasotako datuek errealitate konstante bat islatzen dute: naturgunean jardutea, oso aberasgarria eta osasungarria izan arren, ezagutzea eta kudeatzea komeni diren arrisku batzuk dakartza. Federazio honetatik, prestakuntzaren, planifikazioaren eta erantzukizun indibidual eta kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.
Istripu-tasaren datu nagusiak:
• 100 federatutik 6,5ek istripuren bat izaten dute urtean zehar.
• Egunero 7 istripu gertatzen dira batez beste, urte osoan zehar nahiko modu homogeneoan banatuta.
• Gipuzkoako istripu-tasa bere federatuen kopuruarekiko proportzionala da; Bizkaian txikiagoa da eta Araban handiagoa.
• Istripua izan duen pertsonaren profil ohikoena 35 eta 55 urte bitarteko gizona da, federatuen batez besteko profilarekin bat datorrena.
• Emakumeak federatuen %33 badira ere, istripuen %25 baino ez dute erregistratzen. Datu honek kirol praktikan, arriskuen esposizioan edo ohituretan dauden aldeak islatu ditzake.
• Azken urteetan heriotzen kopuruan gorakada arina ikusten da, bihotzekoak edo istripu zerebrobaskularrak bezalako kausa medikoen presentzia handiagoarekin.
• Urtarrila izaten da istripu-tasarik txikiena duen hilabetea, eta apiriletik uztailera bitarteko hilabeteek zertxobait kopuru handiagoak erakusten dituzte, nahiz eta, oro har, gertakarien kopurua nahiko konstante mantentzen den urte osoan zehar.
Seiburu: prebentziorako prestakuntza
Euskal Mendizale Federazioaren Segurtasun Batzordeak bultzatutako Seiburu kanpainak helburu argia du: prebenitzeko prestakuntza ematea. Azken hamarkadan mendiko erreskateen igoera nabarmenari erantzunez sortu zen ekimen honek, naturguneaz gozatzen duten pertsona guztien artean ohitura arduratsu eta seguruak sustatu nahi ditu.
Kanpaina sei gako praktiko hauetan oinarritzen da, ezagutza teknikorik ez duten mendizaleentzat ere eskuragarriak direnak:
- Prestatu zure ibilbidea: informatu aurrez ibilbideari eta bere baldintzei buruz.
- Kontsultatu eguraldiaren iragarpena: mendian eguraldia bat-batean alda daiteke.
- Antolatu ondo zure motxila: ibilbidearen arabera, arropa egokia, janaria, ura eta materiala eraman.
- Neurtu zure indarrak: taldearen maila fisiko eta teknikoari egokitutako ibilbideak aukeratu.
- Esaiozu norbaiti nora zoazen: larrialdi kasu batean errazago jarduteko.
- Arazoak izanez gero, deitu 112ra: mantendu mugikorra kargatuta eta argi azaldu zure kokapena.
Mendia seguruagoa egiteko hezkuntza
Seiburu-ren apustu nabarmenetako bat hezkuntza arloan duen inplementazioa da. 2021. urtetik aurrera, Federazioak prebentzio-lan hau Euskadiko ikastetxeetara ere zabaldu du, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleei prestakuntza espezifikoa emanez.
Prestakuntza hau —%100 doakoa— honako hauetan datza:
- 4 saio teoriko-praktiko, ordu batekoak.
- Material didaktiko propioa, Segurtasun Batzordeak egina.
- Mendiko teknikari espezializatuek emandako eskolak.
- 1.000 ikasle baino gehiago trebatu dira hiru lurralde historikoetan.
- Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzarekin lankidetzan.
112aren erabilera edo ibilbideen planifikazioa bezalako gai nagusiak jorratzeaz gain, programak mendian zein eguneroko bizitzan aplikagarriak diren tresnak eskaintzen ditu: etxean noranahi zoazen, norekin eta nola jokatu ustekabeko egoeretan jakinaraztea.
Seiburu kanpainari buruzko informazio guztia eskuragarri dago hemen: https://emf.eus/eu/seiburu/
Mendizale komunitate osoari gonbidapena
EMF-FVMtik mendiaz gozatzen duten pertsona guztiei —maila edo modalitatea edozein dela ere— gure webgunean eskuragarri dauden prebentzio eta segurtasun edukiak kontsultatzera animatzen ditugu.
Mendia gozamen, konexio eta askatasuneko gunea da. Horrela mantentzeko, gure prestakuntza indartu, erabaki informatuak hartu eta ingurukoak zaindu behar ditugu.
Baliabide eta gomendio gehiago: https://emf.eus/eu/mendiko-istripuen-prebentzioa/
