Asteburu mugitu batetik gatoz, eEuskal Selekzioaren bitartez, Espainiako Trencacims Lineako Txapelketan (Paüls, Katalunia) eta Skyrace des Matheysins (St Honoré, Frantzia) txapelketan parte hartuta, Merrell Skyrunner World Series-en hirugarren proban.

Tarragonara iritsi ginen kategoria ezberdinetako 26 ordezkarirekin. Gontzal Murgoitiok egin zuen saiorik aipagarriena, gizonezkoen Promesen kategorian txapeldun izan baitzen, proba osatzen zuten 23 kilometroak eta 1.650 metroko desnibel positiboa 2:11:21ean eginez. Faboritoen zerrendan zegoen eta aurreikuspenak bete zituen, une oro lasterketaren buruan mantenduz. Emaitza honek, Gaizka Lasak (7.a) eta Ibai Ormetxeak(15.a) lortutakoei gehituta, mailako Selekzio Autonomikoen sailkapenean 2. postua lortu genuen.

Bestalde, Alluitz De Bilbao 2. izan zen, 13,3 kilometroak 1:35:48an burutu zituelarik, 960 metroko desnibel positiboarekin, Gazte mailako emakumezkoen proban autonomikoan bigarren sailkatu ginen Nahia Pombo (9.) eta Olatz Martinezekin (14.) batera.

Hodei Lujambio (11. – 2. beteranoen mailan-), Jon Betolaza (15.), Ander Gerrikaetxebarria (21.) eta Víctor Bernedoren (26.) jardun onari esker podiuma lortu genuen, 3. postuan, gizonezkoen maila Absolutuan.

Azkenik, Sarah Ugarteren papera nabarmendu behar da, emakumezkoen maila absolutuan erorikoa izan baitzuen proba hasi eta 3 kilometrora, esku bat hautsita. Hala ere, lasterkariak lehiatzen jarraitu zuen eta proba bukatzea lortu zuen, 34 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboarekin, 19. postuan. Ondoren, ospitalera joan zen eta, aurreikuspenen arabera, laster egingo diote ebakuntza.

Skyrace des Matheysins

St Honore-ra joan ginen Aitor Ajuria eta Lide Urrestarazuren ordezkaritzarekin Absolutua kategorian eta Ibai Cebriánekin Promesa kategorian. Segizioa EMFko ordezkariek zituzten lesioek eta gaixotasun-egoerek baldintzatuta iritsi zen probara, baina Urrestarazuk 4. postu nabarmena lortu zuen. Ajuriak, bere aldetik, 88. postuanbukatu ahal izateko zituen arnasa hartzeko zailtasunei aurre egin zien eta Ibai Cebriánek 52. amaitu zuen sailkapen orokorrean. Proba zorrotzak 25 kilometroko ibilbidea izan zuen, 1.930 metroko desnibel positiboarekin.

.

📷 Promesak eta Absolutua: Jordi Santacana \ Trencacims
📷 Gazteak: Albert Casanovas \ Trencacims
📷 Gontzal helmugan: Alberto Susin \ Trencacims

Similar Posts