Pasa den ostiralean Euskal Selekzioa goi mailako lehiaketara itzuli zen, Matterhorn Ultraks lasterketan parte hartuz, Skyrunner Word Series zirkuituko bederatzigarren lasterketan, uztailean ospatu zen Schlegeis 3000 Skyrace lasterketako ordezkari berberekin: Ainara Urrutia, Oihana Zubillaga, Aitor Ajuria eta Aitor Zunzunegi.

25 kilometroko eta 2.876 metroko desnibel positiboko erronkak, Suitzako Zermatt herrian hasi eta Matterhorn ardatz hartuta, ibilbide zorrotz eta oso teknikoan, glaziarra barne, Manuel Merillas (3:19:16) eta Anastasia Rubtsova (4:10:33) gailendu ziren.

Emakumezkoetan Weingand suitzarrak erritmoa ezarri zuen, baina 12. kilometrotik aurrera Rubtsova errusiarrak hartu zuen burua, lasterketa 8 minutuz Christen suitzarraren aurretik amaituz eta Karina Carsolio mexikarrak baino 13 minutu azkarrago.

Euskal Selekzioko onena Ainara Urrutia izan zen, azken txanpa bikainari esker Top10a sinatu zuena. Jaitsierako bere teknika erakutsi zuen, baita horrelako proba gogorretan sendotasuna erakutsi ere. Hamargarren postua, 4:58:09ko denborarekin. Oihana Zubillagak ondo ekin zion ibilbideari baina urdaileko arazoak izan zituen ibilbidean zehar (5:53:41).

Gizonezkoetan, izena eman zuten korrikalarien maila oso altuak irteera azkarra iragartzen zuen, eta hala izan zen. Tranchand frantziarrak eta Delorenzi suitzarrak hartu zuten aurrea lehen kilometroetan, Boffelli, Merillas eta Antonioli atzetik zituztela. Rothornhütte babeslekutik aurrera (12. km), lasterketaren garapenean bira eman ondoren, Boffellik lasterketako lidergoa eskuratu zuen, Merillas eta Tranchand atzetik zituela. Azken zatian, Merillasek bere nagusitasuna ezarri zuen jaitsieretan, lehenak helmuga zeharkatu eta minutu eta erdi atera zion Boffelliri eta 8 minutu Tranchandi.

Jardunaldia ez zen egokia izan Aitor Ajuriarentzat; izan ere, ibilbidearen lehen zatian Top10ean hasi bazen ere, altuera txarra izan zuen eta posizioak galdu zituen hogeita hamaseigarren amaitu arte, 5 ordu inguruko denborarekin (4:58:09). Bestalde, Aitor Zunzunegik lasterketa erritmo biziari eutsi zion eta zortzigarren postuan bukatu zuen 4:01: 08ko denborarekin.

 

Similar Posts