2026ko Urteko sariak

2026ko EMF sariak

“ANDRES ESPINOSA EUSKAL MENDIZALE 2026” EMF SARIA

Mikel eta Jon Inoriza

Mikel eta Jon Inoriza anaiak alpinista eta eskalatzaile nabarmenak dira, eta nazioartean ezagunak dira harkaitzean, izotzean eta muturreko eskian egindako zailtasun handiko espedizio eta igoerengatik. Biak alpinismoaren eta eskaladaren belaunaldi gazteko erreferenteen artean daude.

IBILBIDEAREN EMF SARIA

Baltasar Zapatero + Jose Nieto

Baltasar mendizale beteranoa eta Arroletza Mendi Taldeko bazkide historikoa da. 93 urterekin aktibo jarraitzen du, klubeko erreferente izanik, eta aitzindaria izan da mendietako postontziak argazkitan jasotzen eta haien txartelen bilduma egiten.

Josek, Club Alpino Padurako mendizalea eta 1974tik bazkidea, hainbat ardura izan ditu klubean, batzordekide izatetik presidente izatera arte. Duela 40 urte baino gehiagotik federatua, gaur egun ere Zuzendaritza Batzordeko kide da eta mendizaletasuneko hainbat modalitate praktikatzen jarraitzen du. Klubaren barruan, Ramón González Sojo sortzaile maitearen lekukoa hartu duen pertsonatzat dute.

“EUSKAL MENDIZALETASUNAREN ADISKIDEAK” EMF SARIA

Txema Noval

Seraingen (Belgika) jaio zen, eta Burlatan bizi da 1965etik. Mendizale amorratua da, eta bizitzan zehar herriko hainbat kirol- eta boluntariotza-ekimenetan parte hartu du. Euskal Herriko Mendi Biltzarraren egitura juridiko osoa antolatzeaz arduratu zen, eskuzabaltasunez eta inolako ordainik jaso gabe.

“EMAKUME MENDIZALEEN LOLI LOPEZ GOÑI” EMF SARIA

Oihana Kortazar

Oihana Kortazar euskal mendi lasterketetako erreferentea da. Txirrindularitzan eta duatloian hasi zen, eta kasualitatez iritsi zen trailera; berehala nabarmendu zen bertan. 2011n Skyrunningeko Munduko Kopa irabazi eta Europako txapeldun izan zen; Zegama-Aizkorri, berriz, 2011n eta 2012an irabazi zuen. Azken urteetako garaipenek erakusten dute goi mailan jarraitzen duela: 2023an FEDMEren Espainiako lineako mendi lasterketen txapelketa irabazi zuen —bere ibilbideko bosgarrena—, eta 2024an FEDMEren Espainiako ultra txapelketa.

“ANTXON BANDRES JARDUERA ONENAREN” EMF SARIA

Eñaut Izagirre

Elgoibarko glaziologoa eta National Geographic Explorer, Patagoniako eta Pirinioetako glaziarren ikerketan espezializatua. Espedizio eta ikerketa ugaritan parte hartu du, bereziki Darwin mendikatean. EHUn Geografiako irakasle gisa egiten duen lana doktoregoarekin uztartzen du, eta hainbat sari eta aitortza jaso ditu alpinismoaren, esplorazioaren eta glaziologiaren arloetan.
Aintzatespen honen bidez, EMFk glaziarren bilakaera eta etorkizuna aztertzearen garrantzia azpimarratu nahi du, baita mendi federazioek ingurune horiek ezagutzeko eta kontserbatzeko duten konpromisoa indartu ere. Izagirreren lanak ingurune horiek jasaten ari diren eraldaketak ulertzen eta mendizaleak haiek babestearen garrantziaz jabetzen laguntzen du.